Ustez 92 urteko emakumea hil zuen bere semeak eta ondoren bere burua larri zauritu. Emakumeen Mundu Martxak protestak deitu ditu ostegunerako, urteko lehen hilketa matxista salatzeko.
Euskal Herrian, urteko lehen erailketa matxista da Portugaletekoa. Iaz zazpi emakume hil zituzten. Instituzioek ez dute indarkeria matxistatzat hartu gertaera, ez baita bikotearen baitan jazo erasoa. Portugaleteko Udalak etxe barruko indarkeriatzat hartu du. Emakumeen Mundu Martxaren Plataformak azpimarratu du indarkeriaren aurkako lege, protokolo eta bitarteko publikoetan hutsuneak azaleratzen dituela gertaera hori kokatzeko moduak. Gaineratu du, indarkeria matxistak hamaika erpin dituela eta bikotearen esparrua gainditzen duela.
56 urteko semeak 92 urteko ama zaintzen zuen. Mundu Martxaren Plataformak zaintzaren gaia erdigunera ekarri nahi izan du, eta ondoko gogoeta egin du: "Zeinek eta nola zaintzen dira pertsonak gure jendartean? Argi dago gizarteak heldu behar diola zaintza lanari, familiak (emakumeak bereziki) dagoeneko ezin du zaintza karga gehiena hartu, hala ere horrek ez du justifikatzen 92 urteko emakume bat labankadaz erailtzea. Zaintza lanak modu ezkutuan eta prekarioan egiten direnean, ez dira zaintzaileen eskubideak eta zaindutakoen segurtasuna bermatzen".