argia.eus
INPRIMATU
Kontzentrazioa egingo dute larunbatean Donostian, Aralarko pisten aurka
  • Aralarko Parke Naturalean mendi-bideak eraikitzeko proiektua onartu zuen Enirio-Aralar Mankomunitateak pasa den urrian, eta erabakiak eztabaida handia piztu du. Oraingoan Naturkonek, Gipuzkoako talde ekologisten koordinadorak, kontzentraziora deitu ditu herritarrak larunbaterako, hilak 11, Donostian, Aralarren "esplotazioa" salatzeko.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 10a
Aralarko pistak

Pista sarea “suntsitzailea” dela adierazi dute komunikatu batean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari leporatu diote “pistak bultzatzea, Parke Naturala babestu beharrean”. Jarrera hori salatzeko batuko dira larunbatean Gipuzkoa Plazan, “Aralar denona da, defenda dezagun” lelopean.

Mankomunitateak pisten proiektua aurrera eramatea erabaki zuenetik ez dira eztabaidak baretu: bideen alde daudenen ustez pistak beharrezkoak dira artzain eta abeltzainen bizi baldintzak hobetzeko; eta aurka daudenen ustez, berriz, kaltegarriak dira Parke Naturalarentzat.

Pasa den larunbatean, hilak lau, gertatutako suteak afera gaizkiagotu zuen. Oiduiko borda kiskalita agertu zen, ustez eragindako sute baten ondorioz. Gertakariak aldeko eta kontrakoen arteko tentsioak areagotu zituen. Haatik, herritarrek tentsioak gainditu zituzten eta aterpea ahalik eta azkarren berregokitzeko antolatu ziren.