Txiroen aurkako gerra gelditu. Osakidetza, Gasteizko Udala, Etxebide, Lanbide arduradunak lelopean, antolatzaileek kritikatu dute gasteiztarra erakunde publikoen “utzikeriagatik” hil zela.
Bihotzekoak jota hil zen Koldo Arribillaga 55 urteko gasteiztarra pasa den irailaren 8an. Estenosi aortikoa zuen gizonak, eta hil ala biziko ebakuntza egitea ukatu zion Osakidetzak, ebakuntza-oste egokia egiteko etxebizitza “duinik” ez zuela argudiatuta. Etxegabetze baten ondorioz lonja batean bizi zen, eta elkarretaratzean salatu dute erakundeek ez ziotela egoera aldatzeko alternatibarik eskaini; “hiltzen” utzi zutela salatu dute.
Kontzentrazioaren deitzailea Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimena izan da, Osakidetzako ordezkaritza sindikalarekin eta Osasun Publikoa Aurrera Plataformarekin batera. Atzo arratsaldean Andra Maria Zuriaren plazan elkartutakoek kritikatu zuten Arribillagaren heriotzaren erantzule direla euskal erakunde publikoen “gizatasun falta”, baita “gizartearen klasismoa” zein pertsona txiroei eskaintzen zaizkien baliabide eskasak ere.
Amaitzeko, euskal erakundeei eskatu diete neurriak hartzeko horrelako kasu “samingarririk” berriro gerta ez dadin: “Eskatzen dugu bermatzeko osasun-arretarako eskubidea eta etxebizitza duina izateko eskubidea pertsona guztientzat”.