argia.eus
INPRIMATU
Kontzentrazio ugari Espainiako Estatuan Madrilgo titiriteroen askatasuna eskatzeko
  • Abokatuek helegite judizialak jarriko dituzte Espainian zein Europan, sinadura-bilketa jarri dute abian, eta kontzentrazioak egiten ari dira elkartasuna adierazteko Espainiako Estatuan.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 10
Kontzentrazio ugari egin dute Espainiako Estatuan, Madrilgo titiriteroen askatasuna eskatzeko. Argazkia: Kaos en la red

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak astelehenean eman zuen Títeres desde abajo konpainiako titiriteroak espetxeratzeko agindua. Erabakiari aurre egiteko hainbat ekimen jarri da abian alor juridikoan eta sozialean, La Directak webguneak jaso duenez. Raúl Garcíaren eta Alfonso Lázaroren abokatuek helegitea jarri diote espetxeratzeko aginduari, eta Europa mailako estrategia juridikoa prestatzen ari dira, beste abokatu batzuekin elkarlanean. Titiriteroen abokatua elkarrizketatu dute Info7 Irratian. Ekimen horren helburua da “Europa guztian zabaltzea Espainian satira egiteagatik jendea espetxeratzen dela”, adierazi du titiriteroak babesteko Madrilen sortu den taldeko kide batek.

Titiriteroen espetxeratze aginduaren aurka, manifestazio ugari egin da Espainiako Estatuan: igandean, otsailaren 7an, Madrilen, Almerian eta Granadan, eta astelehenean, otsailaren 8an, berriz, Valentzian. Asteazkenean, hilaren 10ean, Cadizen egingo da, eta larunbatean, hilaren 13an, beste manifestazio bat izango da Madrilen. Katalunian, asteartean, hilaren 9an, Generalitateko Kultura ministerioaren aurrean kontzentrazioa egin zuten, eta elkarretaratzea egingo dituzte gaur, hilak 10, Sant Jaume plazan eta Gómez de Girona zubian. El Lokal elkarteak sinadura bilketa jarri du abian, eta 3.000 sinadura bildu dituzte 24 ordutan. #libertadtitiriteros traola erabiltzen ari dira deialdiak zabaltzeko, eta Kaos En La Red webguneak ere bildu ditu Espainiako Estatuko deialdi guztiak.

“Urduri daude, baina ongi daude; ez dakite egun batzuk edo aste batzuk igaro beharko dituzten, baina indartsu daude”, adierazi du Noelia CNTko ekintzaile, eta titiriteroen lagunak. “Ezin dugu ulertu. Obra ez da umeentzat, eta ez dute inoiz horrela zenik esan. Mugimendu anarkista eta libertarioa kriminalizatu nahi dute, eta ustelkeria kasuak isilarazi”. Emanaldia hasi baino lehen, titiriteroek argi utzi zuten “obra ez zela umeentzat”, eta hori erakusten duten bideoen bila dabiltza orain.

Madrilgo kontzentrazio bateko irudi bat.

Erreakzio politikoak

Titiriteroen espetxeratzeak erreakzio politiko ugari eragin du Espainiako Estatuan: Antonio Hernando PSOEren Kongresuko bozeramaileak adierazi du espetxeratzea “koherentea” dela zigor-kodearekin. Madrileko alkateak, Manuela Carmenak, “akats larritzat” jo du obra antolatzea, baina adierazi du prebentziozko espetxeratzea “gehiegizko zigorra” dela. Pablo Iglesiasek txiokatu du titiriteroak espetxeratzea “Darío Fo espetxeratzearen berdina” dela, eta Ada Colau Bartzelonako alkateak azaldu du “Ongizate Estatu batean adierazpen askatasuna babestu behar dela, baita gustatzen ez zaiguna ere”.