Datorren azaroaren 30ean, Donostiako Epaitegiaren aurrean 11:15ean kontzentrazioa deitu dute Kaxilda liburutegiak, Biladi elkarteak eta Askapena mugimenduak. Egun horretan bere burua sionistatzat definitzen duen Fadi Hassan palestinarraren aurka epaiketa dute Kaxildako kideek. "Helburua, azken urte hauetan bai Euskal Herrian baita estatuan eta mundu osoan ere, Palestinar herriarekin elkartasunezko ekintza politikoak antolatzen dituzten pertsona zein kolektiboak pairatzen ari diren erasoak salatzea da", adierazi dute.
Astelehenean epaiketa daukate Fadi Hassanek eta Kaxildako bi pertsonak eta bertatik pasatzen ari zela istilua ikusi eta erdian sartu zen hirugarren pertsona batek. Elkarren aurkako salaketa gurutzatuak daude tarteko. Twitter hari honetan Kaxildako kideek azaldu dituzte deialdiaren arrazoiak.
ARGIAk orain hiru aste mahai gainean jarri zituen Fadi Hassan izeneko eta Euskadiko Palestinarren Komunitateko presidentearen ibilerak ikerketa erreportaje baten bidez.
"Gustatu ala ez; atzo, gaur eta beti internazionalismoaren praktika politikoa defendituko dugu. Eta elkartasun antifaxista ito eta zigortu nahi dutenak salatzen jarraituko dugula irmo adierazi nahi dugu", adierazi dute.
Egunotan Irutxuloko Hitzan Kaxildako arduradun Esteban Zamora elkarrizketatu du Irutxuloko Hitzako Beñat Parra kazetariak. "Fadi Hassanek egindakoa ikusgarri egitea eta ikuspegi politikotik salatzea, horixe gure kalte-ordaina", adierazi du besteren artean.