argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Kontuz!: “Gobernua lanean ari den esparru guztietara gardentasuna eramateko borondatea ikusten dugu”
  • Kontuz! giltzarri izan zen Nafarroako Kutxan izandako eskandaluetako asko azaleratzeko. Nafarroako Gobernua norabide egokian ikusten du eta orain atzeraezinak izango diren neurriak hartu behar dituela uste du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko abenduaren 22a

Nola baloratzen duzue Gobernuak azkeneko 16 hilabetetan gazteriaren inguruan bete duen zeregina?

Aldaketak denbora behar duela ulertzen dugu, baina badoa gauzatuz. Orain arte instituzioak hamarkada asko aritu dira lanean iluntasunean eta kontrol ideologikoan oinarrituta. Ekarpen interesgarriak ikusten ditugu, esaterako abian jartzen ari den kontrolerako instituzio berria; bereziki, herritarrei kontu emateko borondatea ikusten dugu, baita ere gobernua lanean ari den esparru guztietara gardentasuna eramateko borondatea.

Noraino iritsi beharko luke gure ustean Gobernuak, gure esparruari dagokionez, legedi honen epemugaraino?

Aipatutako kontrol organoa sendotzeko baliatu beharko litzateke, behar adinako baliabide ekonomikoz eta humanoez hornituz, aurrera begira lorpen sozial hauek atzeraezinak eginez. Ate birakariei buruzko legedia finkatzea aurrerapen handia litzateke. Gustura ikusiko genuke, halaber, ausardia handiagoa oraindik ere boteretsuak diren botere esparruen aurrean, zeintzuk amarruekin eta obra faraonikoekin krisira eraman gintuzten haien eskuetan dauden oraindik ere. Beren karguetan “arrastoa utzi” duten horiek, edo oraindik joan ez diren edo ate birakarien bidez joan diren horiek publikora ekartzea ere begi onez ikusiko genuke, eta areago erantzukizunak eskatuta.

Jarriko al diozue 0 eta 10 arteko nota bat?

Sei.