argia.eus
INPRIMATU
“Konturatu ginen gure ikastolan ere matxismoa erreproduzitzen genuela eta aldaketaren oinarri handi bat gure esku zegoela”
  • DBH 3 eta 4. mailan dauden 14-16 urteko ikasleek, euren interes eta ekimenez iaz sortutako kolektibo feminista da Eguzki Moreak, Bilboko Artxandape ikastolan. Ostegunero jolastorduan asanblada egiten dute eta ekintzak prestatzen dituzte egun berezietan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko martxoaren 08a

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean adibidez, tailerrak egin zituzten Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin: erraz antzematen den eta hain agerikoa ez den indarkeriaz, baita hedabideetan ageri diren emakumeez eta mundu errealeko emakumeen aniztasunaz, kantu matxistez… Eta Emakume Zientzialarien Egunean berriz, zientzia maratoia prestatu zuten, emakumeek sortutako asmakizunak abiapuntu.

“Gure ikastolan ere gizarte matxista honen jokabide eta pentsamenduak behin eta berriz erreproduzitzen ditugula konturatu ginen, baita aldaketaren oinarri handi bat gure esku zegoela ere. Gizartea eraldatzeko gaztetatik jasotzen dugun hezkuntza iraultzen hasi behar dugula uste dugu”, diote. Ikastetxeko errealitatea apurka-apurka aldatzea dute helburu, “adin guztietako ikasle zein irakasleen artean kontzientzia feminista zabalduz”.

Martxoaren 8rako ere egitarau oparoa prestatu dute: paroaren ostean, estereotipoen aurkako dantza eta abestia, poesia errezitaldia, monologo komikoa, mikromatxismoen bistaratzea esperientzia pertsonaletatik, eta kolektiboko bi kidek konposatu eta idatzitako abesti feministaren aurkezpena.