Krisi sozial eta ekologikoari aurre egiteko helburuarekin, Bizi! mugimenduak Alternatiba Zokoa antolatu du Ziburuko portuan urriaren 5ean. Bertara hurbiltzen direnek kontsumo adimentsua egiteko ekimenak ezagutzeko aukera izango dute.
Gauza berriak erosi ordez alokatu edo mailegatu eta zaharrak konpondu daitezkeela nabarmendu dute antolatzaileek. Besteak beste bizikleta konpontzeko tailerra antolatu dute.
Bigarren eskuko eta materia birziklagarriz egindako artikuluak ere ikusgai izango dira Alternatiba Zokoan.
"Klima, itsasoa, naturaren baliabideak: zein baltsako kultura denen ondasun horren erabilpen zuzen batentzat?" lelopean hitzaldia emango dute Anne Marie Vergez eta Mikel Epalzak.
Merkatua ere izango da, tokiko produktu, sasoiko eta bio/organikoekin. Tokiko arraina ere eskuragai izango da, eta hau prestatzen ikasteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak eta erakusketak izango dira egun osoan zehar. Antolatzaileek jakinarazi dute euskal moneta eskuratu eta erabili ahal izango dela.
150 laguntzaile behar dituzte Alternatiba Zokoa antolatzeko. Horretarako irailaren 26an 19:00etan bilera bat egingo dute Ziburuko itsasbazterreko euskal etxearen aurrealdean.
Alternatiba Zokoaren egitaraua Bizimugi.eu webgunean kontsulta daiteke.