Momentuko Bilbo. Ordu gutxi batzuetan ezagutzeko, bizitzeko, sentitzeko, dastatzeko, gozatzeko prestatuta dagoena. Hiria azkar kontsumitzeko prest. Modu sinplean.
Momentuko Bilbo. Ordu gutxi batzuetan ezagutzeko, bizitzeko, sentitzeko, dastatzeko, gozatzeko prestatuta dagoena. Hiria azkar kontsumitzeko prest. Modu sinplean.
Azken aldian gure hiriaren gaixotasun ezberdinak ezagutzen ari gara. Gentrifikazio izenekoandre baten izena aspaldi ez zela ikasi genuen. Turistifikazioak alokairuen prezioak izugarri igotzen dituela konprobatu dugu, baita hotel eta hostelen kontrolik gabeko hedapena dakarrela ere, oro har lanen prekarizazioa barren atzean edo zerbitzuetan. Eta orain turistifikazio honen lehengusua dabil Bilbotik: ebentifikazioa.
Bilbao circuit, BBK live, Rugby Bilbao 2018, Red Bull jauziak, MTV… Une konkretu batean masiboki jendea erakartzeko amuak. Turistifikazioak hiria postal bihurtzen du eta bilbotarrak iraunkorki anfitrioi atseginak izatera behartzen gaitu. Baina ebentifikazioak egun konkretu batzuetan gure hiria erasmus party erraldoi bilakatzen du. Dena prestatu behar da denborarekin egun handirako, ordu batzuetan baino erabiliko ez diren elementuak erosi edo alokatuko ditugu, diru publikoarekin noski. Formula 1eko zirkuitua egiteko behar diren gauza guztiak edo hiria apaintzeko errugbi-ate erraldoiak. Bilbao Ondo langileak jarriko ditugu lanean aste luzeetan ekintzari begira.
Garagardo-markei espazio publikoak lagako dizkiegu egun horietan euren makrotabernak eta publizitatea jartzeko, fan guneak. Segurtasuna, erraztasunak, pribilegioak, propaganda instituzionala… Guztia euren festa pribatua ondo atera dadin. Eta erasmus party erraldoiaren ostean ajea dator; etxetik tornado bat pasatu dela dirudi. Eta normalean bizilagunak kexatu egiten dira. Gure kasuan udal-langileek dena jasoko dute, gure ostalariek esango dute diru-sarrera ez dela hainbesterakoa izan, bilbotarrok prezio-igoerak pairatuko ditugu, eta batez ere gure kutxa komuna xahututa egongo da beste behin ere enpresa pribatu batzuen beharrak asetzeko, Bilbao marka munduko mapan jarri dugulako argudio gorenarekin.
Gogoeta hau jada mahai gainean dago gure hirian. Arlo teorikoan, urtero hirigintza eta gizarte berrikuntzari buruzko jaialdia antolatzen da Bilbon eta aurtengo Urbanbat 7. festibalak gai horri helduko dio azaroan hain zuzen ere (http://7festival.urbanbat.org/eu/). Bestalde, sozializazio eta salaketa klabeetan “Piztu Bilbo, itzali MTV” herri dinamika abiatu da.
Edozein kasutan, ikuspuntu praktiko batetik, orain dela 40 urte Bilboko herri mugimenduak erakutsi zuen beste eredu bat dagoela ekitaldi masiboak antolatzeko: Aste Nagusia adibidez. Zalantza barik Bilbon dagoen herri ekimenik erraldoiena. Gozatzeko aukera ematen duena marka komertzial baten menpe egon barik. Balore eraldatzaileak dituena bere baitan. Bilbotik Bilbora antolatzen dena, bilbotarren beharrei erantzuten diena baina kanpotarrentzat ere erakargarria dena. Bilboko ekimen arrakastatsuena non miloi eta erdi bisitari hurbiltzen diren gure hirira. Elkarlanean antolatzen dena, herri mugimenduaren aldetik auzolan erraldoia sortu eta erabakigune mistoa (herritar-instituzionala) bultzatzen duena.
Adibide bat besterik ez da, beste batzuk ere badira (San Frantzisko auzoko munduko arrozak adibidez) baina uste dut klabe batzuk ematen dizkigula. Ebentifikazioari aurre egiteko gogoeta eta salaketa ezinbestekoak dira, baina agian herri mugimendutik praktika berri bat planteatzen hasi behar gara, anbizioarekin. MTVren aurrean kontrakultura eta euskal kultura herritarra gure kaleetan, irekia eta parte-hartzailea. Itsasadarreko jauzi pribatuen aurrean, gure itsasadarraren erabilpen publiko eta masiboa bultzatzea, aisialdirako eta gozamenerako. Eurokoparen egoitzaren aurrean, beste zerbait. Eta herri mugimendutik alternatiba horietan sakonduko bagenu?
Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.