argia.eus
INPRIMATU
Baratzan Blai
“Kontsumitzaile-ekoizle harremana kooperatiboago egitea da gure asmoa”
  • Bizitza proiektu kolaboratiboa da Artiedako “Arterra Bizimodu“ eta bere baitan bada baratzeari eta elikagaien ekoizpen agroekologikoari begirako egitasmo bat: Baratzan Blai. 2016an abiatu zuen ekoizpena Adrian Aretak, Arterrako kideei eta bertako jangelari elikagaiak eskaintzeko asmoz lehenik, eta hurbilean barazki ekologikoen saskiak banatuz baratzetik bizitzeko ideiarekin gero. “Proiektuko jangelari jaten ematen diogu gaur egun, eta horretaz gain, hogei bat pertsonak urteko harpidetza baten truk bi astetik behin barazki-saskiak jasotzen dituzte etxean”, azaldu du ekoizleak.

Garazi Zabaleta 2022ko maiatzaren 13a

Abizen hori darama Baratzan Blai proiektuak. Baina, zertaz ari dira zehazki Komunitateak Sostengatutako Nekazaritzaz –ingelesez CSA, Community Supported Agriculture– dihardugunean? “Oinarrian, nekazarien eta kontsumitzaileen arteko elkarlan modu bat da, zeinetan arriskuak eta onurak partekatzen diren”, diote proiektuaren aurkezpenean. Honela laburbildu du Aretak: “Kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harremana aldatzea da gure ideia, harreman horiek kolaboratiboagoak egitea, elikagai osasuntsuak jan ahal izatea guztion kontua baita, ez nekazariona soilik. Kontua da guk arrisku asko hartzen ditugula gure gain, uzta txarra edukitzea, adibidez”. Hori horrela, proiektuarekin bat egiten duten kontsumitzaileek urteko kuota ordaintzen dute, nekazariarekin konpromiso handiagoa hartuz eta urteko plangintza egiteko aukera emanez.

Iruñean etxez etxe banatzen ditu Aretak barazki-saskiak bi astetik behin, guztira hogei bat etxetara iritsiz. Urteko kuota, ordea, ez da denentzat bera: norberaren aukera eta ahalmenera egokitzen da prezioa, beti ere minimo batzuen barruan. “Hurbileko produktu ekologikoak eta osasuntsuak guztion eskura egon beharko luketela uste dugu, horregatik ematen dugu aukera hori”, azaldu du. Orain arteko ibilbidean, ongi funtzionatu dute modu horretan, eta jendeak produktuak baloratzen dituela dio nekazariak.

Golf zelaitik baratzera, ederra aldea

Artiedan eta hurbileko herri batean ditu lursailak Aretak; guztira, hektarea inguru. Partzeletako baten jabeak Arterra Bizimodu proiektuari utzi zion lurra, eta honek, berriz, Baratzan Blairi. “Golf zelai bat zen Artiedako lursail hau gu iritsi arte… buelta ederra eman diogu!”, dio kideak. Baratzeaz gain, herriko  lehorreko lur komunal batean txitxirioak eta babarrunak ekoizten ditu, eta baita espelta, garia eta animalientzako bazka ere. Guztia eredu agroekologikoan baina zigilurik gabe, horren beharrik ere ez duelako. “Banaketak medio, zuzeneko harremana dugu jendearekin, eta hemen bisitak eta auzolanak ere antolatzen ditugu, nahi duena etor daiteke”, gehitu du.