argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Gabonetarako neurri bereziak iragarri ditu
  • Iñigo Urkullu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariak prentsaurrekoa eman du asteazken arratsean, Eusko Jaurlaritzako LABIren bileraren ostean. Hamar puntutan jakinarazi ditu Gabonetarako neurriak.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 10a
Urkulluren agerraldia.

Jarraian iragarri dituen neurriak larunbatean sartuko dira indarrean eta urtarrilaren 11n errebisatuko dituzte. Ondorengo neurriak iragarri ditu:

1.- Mugikortasun mugak 22:00etatik 06:00etara mantenduko dira. Salbuespena 24 eta 31 gauetan. Bi horietan hasiera ordua 01:30 arte atzeratuko da.

2.- EAEko konfinamendu perimetrala mantentzen da. Salbuespenak izango dira abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.

3.- Udal konfinamenduak bertan behera utziko dituzte. Lurralde historiko bakoitzaren konfinamendua mantentzen da abenduaren 23 arte.

4.- Gehienez sei pertsona biltzeko neurria mantentzen da. Salbuespena 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1a. Gehienez 10 pertsona bildu daitezke egun horietan. Iradokitzen da batetik 10 pertsona horiek bi bizikidetza unitatekoak izatea eta berdinak biltzea beti egun ugarietan.

5.- Jai eta gabon ekitaldiak bertan behera geratzen dira. Abenduaren 21etik aurrera pertsona pilaketa eragiten duten ektialdiak debekatuta daude. Adibide batzuk aipatu ditu Urkulluk: gabon eta errege egun bezperako kantu taldeak, urte berri festak, San Tomasak, kabalgatak edo "San Silveste" gisako kirol probak.

6.- Ostalaritza eta jatetxe jarduerak baimendu dituzte. Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik behera duten herrietan aplikatuko da. Ostalaritzako gune hauek beren terrazak ireki ahal izango dituzte eta barnean aforoa %50ean mantendu beharko dute. Mahai baten inguruan eseri beharko du jendeak, debekatuta barran edo zutik kontsumitzea. 500etik gorako intzidentzik dituzten herrietan ezingo dira ireki herriko tasa jaitsi arte. Astelehen eta ostegunetan jakinaraziko dute zein diren 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia gainditzen duten udalerriak.

7.- Ostalaritzak ireki ahal izango du 06:00etatik aurrera eta 20:00etan itxi, zerbitzuguneak salbuetsita. Bereziki iradoki du terrazetan ez erretzeko eta gogorarazi du maskara derrigorrezkoa dela. "Maskara behar bezala ez erabiltzea zigortzeko moduko jokabidea da".

8.- Kirol federatuko entrenamenduak baimentzen dira seiko taldeetan. Aldagelak %30eko edukierarekin erabili beharko dira, eta dutxak banaka. OMEren gomendioa aipatu du Urkulluk esateko ez dela derrigorrezkoa izango musukoa erabiltzea txapelketetan edo jarduera fisiko intentso egoeretan, baina derrigorrezkoa izango da eremu itxietan praktikatzen diren kiroletan eta jende asko biltzen den eremu urbanoetan. 

9.- Kirolen beste murrizketak mantentzen dira, urtarrilaren 11n berrikusiko da hau.

10.- Adinekoen egoitzetara bisitak egiteko araudi berriak jakinaraziko dituzte.

Etzi argitaratuko diren dekretuan jasoko dira. "Prebentzio neurri onena pertsona bakoitzern kontzientzian dago eta ohiturak aldatu behar ditugu. Eguberri hau ezberdina da eta ezberdin egin behar dugu. Ezer aldatzen ez badugu, egoerak ez du hobera egingo. Pertsona bakoitzarena, ezinbestekoa da osasun krisi hau gainditzeko", adierazi du.