Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak asteartean hasi eta datozen bi asteetan zehaztuko du zein izango den igandeko “parte hartze prozesuaren” ostean jarraituko duen bide orria. 2,3 milioi pertsonak bozkatu zuten azaroaren 9ko galdeketan.
Bozketaren ondoren lehen aldiz batu da gobernua eta gero agerraldia egin du Masek. Generalitateko presidenteak esan du, datozen bi asteetan azalduko duela zein izango den bere estrategia hemendik aurrera eta eszenatokiaren “diagnostiko egokia” egin ahal izateko hainbat alderdirekin batuko dela.
Edonola, astearteko agerraldian aurreratu du ez dituela berehala plebiszitu hauteskundeak deituko eta lehenago Espainiako Gobernuarekin hitz egin nahi duela. Masen ustez mota horretako bozak "behin betiko kontsulta" egiteko "instrumentua" baino e zdira eta eskatu du ez daitezela nahastu "erreminta eta helburua".
Azaroaren 9an lortutako emaitzak ikusita Kataluniako presidenteak “jarrera aldaketa” eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari: “Harresi honek jarraitzen badu, kataluniarron arazoa nazioartekotu beharko dugu”.
ERCk ez du hauteskunde plebiszitarioetarako egunik ipini, baina Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak esan du, “hauteskundeak” deitu behar direla Katalunia independentziarantz eramango duen gobernua sortzeko.