argia.eus
INPRIMATU
Euskal soberanismoa
Kontsulta Legea eramango du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera
  • EH Bilduk Kontsulta Legea legebiltzarrera eramango duela iragarri du Asier Arraizek. 2016an EAEko herritarrek etorkizunaz erabakitzeko kontsulta egitea nahi du koalizioak.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 08a
Asier Arraizek iragarri du 2016rako Kontsulta Legea egin nahi duela EAEn. (Arg.: EITB)

Katalunian bizitzen ari den egoera dela eta, Euskal Herriak ere bere egoera birkokatu behar duela adierazi du Asier Arraizek astearte goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan. Kontsultaren ekimenarekin EH Bilduk euskal prozesu konstituziogilea azkartu nahi duela azpimarratu du.

EAJk ere ekimenari sostengua ematea nahiko luke Arraizek eta gogora ekarri du EAJk 2015erako kontsulta bat egitea agindu zuela bere hauteskunde programan. Kontsultarik ez denez egingo aurten, datorren urterako EH Bilduk aurkeztuko duela horretarako aukera eta EAJren sostengua ere izango duela espero du.

Baina mesfidati agertu da Arraiz jeltzaleekiko, hauek gaur egun CiUko Unióren harian ikusten dituelako eta ez Convergenciarenean, berak nahiko lukeen gisan.

"Gure helburua ez da EAJrekin lehian aritzea ea zein den independentistagoa ikusteko. Gure helburua da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak tresna eraginkorra izan dezaten prozesu konstituziogilea azkartzeko", azpimarratu du Arraizek.