argia.eus
INPRIMATU
Kontsulta eskaeren amiltzea eta ebakuntzetarako hilabete gehiagoko itxaronaldia, Osasungintza COVID-19ra zentratzearen albo-kalteak
  • Osasungintza ia osorik COVID-19 artatzera bideratzeak eragindako albo-kalteak bistaratzen ari dira: herritarrek mediku adituekin kontsultak eskatzeari utzi diote nabarmen, eta ebakuntzetarako itxaronaldiak luzatu egin dira.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 19a
(Argazkia: Irekia)

Pandemia tarteko, azken hilabeteetan COVID-19ari erabateko zentraltasuna eman zaio osasungintzan, eta horrek eragin ditu zenbait ondorio. Alarma egoeran, osasun krisiari erantzutera bideratu ziren baliabide gehienak, urgentziakoak ez ziren ospitaleetako jardunak bertan behera utziz; larrialdiak eta onkologia salbu, gainontzeko kontsulta eta ebakuntzak bertan behera utzi ziren, eta era berean, lehen mailako arreta telefono bidezko zerbitzura mugatu zen.

Arreta eta baliabide guztiak pandemiaren etetera bideratzeak, baina, badu bestelako aurpegirik: anbulatorioan txanda hartzeko zailtasunak areagotu egin dira, ebakuntzarako itxaronaldiak luzatu, eta jendeak nabarmen utzi dio mediku adituekin kontsultak eskatzeari.

Koronabirusari begira egindako moldaketek EAEko osasungintza publikoan izandako inpaktua bistaratzera datoz zenbait datu. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak emandako datuek adierazten dutenez, 2019ko iraila eta 2020ko otsaila bitarte, 100.000 eta 105.000 herritar artean zeuden kontsulta baten zain. COVID-19aren iritsieraz, baina, 30.000 herritar kolpez atera ziren zerrendatik, eta beherako joera horrek maiatzera arte segi zuen: apirilean 20.000 herritar gutxiago ageri ziren kontsulta itxaroten zeudenen artean, eta maiatza orduko soilik 44.000 herritarrek osatzen zuten zerrenda.

Ordutik egoera leheneratzen ari izan bada ere, 2020ko irailean kontsulta eskatzaileen zerrendan 55.000 paziente besterik ez ziren ageri, urtebete lehenagoko kopuruaren ia erdia. Datu zehatzagoak eman ditu eldiario.es-ek: 2019an kontsulta zain zeuden herritarrak 104.023 ziren, eta urtebeteren ostean 55.807.

Bestalde, albo-kalteak kontsulta eskaeren beherakadaz harago doaz: ebakuntzarako itxaronaldia hilabete luzatu da iaztik.

Herritarrak asistentziazko zerbitzuak galtzen ari direla salatu du Satse sindikatuak, eta LABek gaineratu du kolapso egoera larria bizi dugula osasungintzari dagokionez.