argia.eus
INPRIMATU
Kontserbadoreen eta eskuin muturraren gorakada Greziako hauteskundeetan
  • Gehiengo osoa lortu du Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak. Eskuin muturrak gora egin du, Espartarrak buru dituela eta Syrizaren "begi bistako porrota" aitortu du Alexis Tsiprasek. Abstentzioa %47,18koa izan da.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 26a
Mitsotakisen mitina Mitsotakisen mitina

Demokrazia Berria alderdiko Kyriakos Mitsotakisek irabazi ditu hauteskundeak Grezian. Hauteskundeak errepikatu eta lehenbizikoz lortu ez zuen gehiengo osoa lortu du oraingoan, Bozken %40,55 eskuratuta. 300 eserlekutik 158 lortu ditu.

Alexis Tsipras buru duen Syrizak botoen %17.83 lortu ditu. “Porrota begi bistakoa” dela azaldu du Tsiprasek eta “berreraikuntza prozesu” bat abian jartzeaz aritu da.

Hirugarren postuan gelditu da PASOK alderdi sozialista, bozken %11,86 lortuta. Horien atzetik daude, besteak beste, KKE Greziako Alderdi Komunista (%7,69) eta Espartarrak eskuin muturreko alderdia (%4,64). Abstentzioa %47,18koa izan da, aipagarria da maiatzeko azken hauteskundeetan %39koa izan baitzen.

Espartarrak eskuin muturreko alderdia Egunsenti Urrekarra alderdia Greziako Auzitegi Nagusiak debekatu ondoren sortu zen. Gainera, Ilias Kasidiarisek, espetxean dagoen Egunsenti Urrekarreko buruzagiak, Espartarren aldeko bozka eskatu du. Guztira, eskuin muturreko alderdiek (Konponbide Greziarra, Niki eta Espartarrak) gora egin dute parlamentuan. Botoen %13 lortu dute, orotara 34 eserleku.