argia.eus
INPRIMATU
Kontseiluak hizkuntza politikan urgentziazko neurriak hartzea eskatuko die Hego Euskal Herriko gobernuei
  • Kontseiluak salatu du osasun krisian zaurgarrienek izan dituztela kalterik handienak eta tartean hizkuntza eskubideak urratu direla. Agerian geratu diren gabeziei aurre egiteko urgentziazko neurri sorta bidaliko die EAEko eta Nafarroako gobernuei.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 24a
Kontseiluko kideak "Geroa euskaratik" adierazpena aurkeztu zuten egunean. Argazkia: Kontseilua.

Euskal hiztunen komunitateak hizkuntza eskubideen urraketak jasan ditu COVID-19 garaian, Kontseiluak salatu duenez. Berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean eta euskalgintzako erakundeak babes gabe geratu dira.

Krisiari aurre egiteko talka plana eskatu du euskararen gizarte erakundeak biltzen dituen erakundeak, epe motzean abian jartzeko egitasmo bat. Eskakizun sorta prestatua du Kontseiluak gobernuei helarazteko eta eskaera nagusiak “Geroa euskaratik, elkar hartuz, elkar zainduz” adierazpenean bildu ditu. Txostenean gaikako eskaerak irakur daitezke. Kontseiluaren helburua ez da gobernuek kalte ekonomikoei soilik erreparatzea, baizik eta hizkuntza politikak birpentsatzea eta etorkizun hobea lortzeko giltzarrietan bat egitea.

Arlokako eskaerak

Irakaskuntzan, hizkuntza gaitasuna ikasle guztiei bermatzeko murgiltze eta mantentze ereduetan sakontzen hasteko neurriak eskatu dituzte. Hezkuntza ez formalean, haur-gazteekin egiteko ekimenetan, hizkuntza irizpidea lehenestea eskatu dute. Helduen euskalduntzean, doakotasuna aldarrikatu dute. Euskarazko sortzaileen lana ezagutzeko eta babesteko araudi propioa lantzen hastea ezinbestekotzat jo dute. Baliabide teknologikoetan euskaraz dauzkagun hutsuneak erakutsi ditu krisiak eta gabezia horiei heltzea eskatuko diete gobernuei.

Krisia aukera moduan baliatzea nahi du Kontseiluak, eta demokratikoagoa, kohesionatuagoa, berdinzalegoa eta eskubideen bermean oinarritutako etorkizunaren alde egin nahi du apustua: “Jakin badakigulako oinarrizko eskubide bat bazterrean uzten den aldiro, beste guztiak ere ahultzen direla”. Gizarte eragileei dei egin die ibilbide honetan bidelagun izan daitezen, “elkar hartuz eta elkar zainduz soilik lortuko baitugu hizkuntz politika berriak eta berdinzaleagoak sortzea”.