UGT sindikatuak B2 maila ezartzearen aurka egin zuen. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskotreneko hautaprobetarako ezarritako euskara eskakizunak ontzat hartu ditu. Kontseiluak esan du, hizkuntza eskubideen defentsan “urrats garrantzitsua” eta “berri ona” dela.
Epaiak, lan hitzarmenean jasota dauden hizkuntza eskakizunak babesten ditu. Kontseiluak azpimarratu du, lan hitzarmen batek hizkuntza eskubideen berme handiagoa eskaintzen duela. Hala, Euskotreneko langileek eta erabiltzaileek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen baita.
UGT sindikatuak Euskotreneko lanpostuen egonkortze prozesuan euskarazko B2 maila eskatzea baliorik gabe utzi nahi zuen. Baina, Justizia Auzitegiak euskara maila hori eskatzea onetsi du. Euskalgintzaren Kontseiluak gaineratu du, azkenaldian hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen artean dabilen "dikotomia faltsua" argitzen laguntzen duela epai honek, lan hitzarmenak hizkuntza eskubideen berme gisa funtzionatzen duelako.
Kontseiluak adierazi duenez, UGT 2015eko lan hitzarmena inpugnatzen saiatu da. Hala ere, epaia irtenbide gisa baloratu du Euskalgintzaren Kontseiluak eta nabarmendu du, hizkuntza politiketan saltoa emateko "urrats ausartak" behar direla. Horrez gain, "larrialdi lingusitikoan" murgilduta gaudela eta oinarri berri bat garatzea beharrezkoa dela ohartarazi dute.