argia.eus
INPRIMATU
Kontseiluak euskarazko ikasteredua orokortzea eskatu du
  • Gaur egungo hizkuntza ereduak “zaharkitutako tresnak” eta “ez eragingarriak” direla adierazi dute Kontseiluko kideek. Halaber, Hezkuntza Lege berria euskal gizartearen “kohesioan eta berdintasunean sakontzeko apustua” dela aldarrikatu dute.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 13a

Badira aste batzuk PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak egungo eredu linguistikoak “mantenduko direla” adierazi zuela: “Guretzat garrantzitsua da gaurko ereduak mantentzea eta ez joatea eredu elebakarrera, murgiltze eredu batera ez joatea, eta baita familia guztiek nahi duten eredua hautatzea, eta akordioaren bitartez hori bermatzen da”.

Honen harira, ordea, Euskalgintzaren Kontseilua Hezkuntza Lege berri baten aldeko agertu da: “Euskarazko ikasteredu inklusiboa onartzea bide arrakastatsuena eta ia bakarra dela frogatu da, euskararen normalizaziorako eta etorkizuneko ikasleak euskaraz jabetzeko”.

Kontseilukideen esanetan, egungo Hezkuntza Legea mantentzeak “ateak itxiko dizkie” milaka ikasleri, “kalte nabarmena” eraginez. Esaterako, adierazi dute aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna “ukatuko” zaiela. Bestalde, egungo eredua “zaharkitutako tresna" eta "ez eragingarria" dela azpimarratu dute: “Sakonki diskriminatzailea da eta gizarte kohesioa indartzea eragozten du”.

Anduezak nabarmendu zuen “garrantzitsua” dela “familia guztiek nahi duten eredua” hautatzea. Kontseilua, ordea, ez dator honekin bat: “Kezkagarria deritzogu, gurasoen erabakitzeko ahalmenaren argudioarekin, etorkizuneko belaunaldien aukera berdintasuna baldintzatzea”. Ereduen sistema honek milaka haur “benetako elebakartasun batera kondena” ditzakeela azpimarratu dute.

Kontseiluaren proposamena

Epe luzeko begirada “ezinbestekoa” dela argudiatzen du Euskalgintzaren Kontseiluak: "Trantsiziorako denbora beharko duen prozesu bat da. Euskal gizartearen kohesioan eta berdintasunean sakontzeko apustua da”. Kideen esanetan, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatzea da helburua.

Bestalde, orain hartuko diren erabakien “garrantzia” nabarmendu du Kontseiluak: “Erabat baldintzatuko dute datozen hamarkadetako euskararen normalizazio prozesua”. Dena dela, argi utzi dute euskarazko ikastereduak “ez dituela bere kabuz bakarrik ikasle guztiak euskalduntzen”, eta “ezinbestekoak” direla, besteak beste, berrikuntza pedagogikoa, euskal kulturaren transmisioa, hezkuntza ez-arautua eta eskolako ingurunea euskalduntzea, eta euskara gutxien dutenei baliabide gehiago zuzentzea.

Sinadura bilketa

Hezkuntzak euskara gehiago behar du lelopean euskarazko ikasteredu orokortuaren alde sinadura bilketa zabaldu dute hezkuntza eragile nagusienetarikoek (Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi) eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS). Irailaren 12an abiatu zen eta urriaren 29ra arte zabalik izango da. Sinatu nahiz gero, www.euskaragehiago.eus webgunean egin daiteke.