argia.eus
INPRIMATU
Kontseiluak “aukera galdutzat” jo du Hezkuntza Legea
  • Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean bozkatuko duen EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Legea “etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun” geratuko dela kritikatu du. Gehitu du ez dela izango “gizarte kohesioan eta justizia sozialean aurrera egiteko lanabesa”.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2023ko abenduaren 18a
Kontseiluak, hezkuntza komunitateko, kulturgintzako eta euskalgintzako eragileen ordezkariekin egin du prentsaurrekoa. Kontseilua

Kontseiluak, prentsa-oharrean, azken bi urteotan egindako ibilbidea azaldu du. 2021eko abenduaren 16an, hainbat eragilek agerraldia egin zuen lortutako adostasunaren gainean. Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntzako eragile garrantzitsuenetarikoek (Euskal

Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi), hezkuntzako langileen gehiengo sindikalak (ELA, LAB eta STEILAS), euskalgintzako eragileek (AEK, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU…) eta kulturgintzako eragileek aldarrikapen bateratua egin zuten. Hezkuntza Lege berriari eskatu zioten “hizkuntza eredu baztertzaileak gainditzea” eta “euskara ardatz izango lukeen ikasteredu inklusiboa orokortzea”.

Kontseiluaren iritziz, duela bi urtez geroztik defendatu duten proposamena “ez da kapritxoa”. Argudiatu du 40 urteko esperientziak erakutsi duela “ereduetan oinarritutako sistemak ez duela balio izan belaunaldiak osotasunean euskalduntzeko”. Era berean, gehitu du hizkuntza ereduok “segregaziorako tresna direla eta euskaraz jabetzeko eskubidea ukatzen zaiela milaka haurri”.

Kontseiluaren aburuz, legeak ez ditu jasotzen eragileek egindako eskaera nagusiak, hala nola, euskara izatea irakats-hizkuntza orokorra, ikasleen euskara gaitasunaren kanpo ebaluazio mekanismoak, eta hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den, eta abar.

Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntzak euskara gehiago izatea eskatzen zuen sinadura bilketa egin zuen, eta azaroaren 20an, 20.000tik gora herritarren sinadura aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean.