argia.eus
INPRIMATU
Kontseilua: “Zeinek bere funtzioak bete beharko ditu legeak bere horretan aurrera egin ez dezan”
  • Espainiako Gobernuak alde batera utzi ditu erakundearen eskaerak legearen aurreproiektuan. Euskaraz egindako lanentzako gutxieneko kuota bat eskatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta orain, eragileekin bilduko da horrela izatea bermatzeko.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 21a

Hitzarmenean onartu denez, Netflix, HBO edota Amazon Prime moduko bideo-plataformetan, gutxienez kuotaren %50 izan beharko da "Espainiako Estatuko hizkuntza ofizialean, edo erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean", Europako lanen kasuan. Baina kopuru horretan ez da zehazten zein izan behar den katalanez, euskaraz eta galizieraz ekoiztu beharreko minimoa.

Euskalgintza Kontseiluak komunikatu bidez salatu du erabakia. Elkarteak, Hekimen, Tokikom, Topagunea eta Pantailak Euskaraz eragileekin batera, uztailean luzatu zion gobernuari aurreproiektuaren inguruko bere ekarpena. Derrigorrezko hizkuntza-kuotak ezartzea eskatu zuten orduan, baina gobernuak ez du proposamena onartu.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan du erabaki horrek euskara bezalako hizkuntzen desagerpena ekar dezakeela ikus-entzunezkoen eremuan. “Gobernuak aukera izan zuen bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilera bermatzeko neurriak txertatzeko, baina ez zuen halakorik egin, eta gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi zuen beste behin”.

Euskararen aldeko eragileek ez ezik, galizieraren edota katalanaren aldeko gizarte eragileek ere antzeko zuzenketak egin zizkioten legearen aurreproiektuari. Adibidez, CAC Kataluniako ikus-entzunezkoen kontseiluak eskatu du estatuko hizkuntzetan eskainitako obren %50 katalanez, euskaraz edo galizieraz izatea.

Eskaerarekin jarraituko dute

Kontseiluak adierazi du kuoten proposamenarekin jarraituko dutela. “Erantzukizun partekatuak ditugu, eta zeinek bere funtzioak bete beharko ditu legeak bere horretan aurrera egin ez dezan”, gaineratu dute. Horregatik, eragile sozial eta alderdi politikoekin erantzun bateratua emateko estrategia adosten hasi nahi dute hurrengo egunetan. Lehenik, ekarpenak egiten lagundu zieten elkarteekin eta estatuko gainerako eragileekin bildu nahi dute. Ondoren, Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin bilerak antolatu nahi dituzte.