argia.eus
INPRIMATU
Kontseiluak dio ulertezina dela PSOEk Madrilen ofizialtasuna onartzea eta PSNk Iruñean ez
  • Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituen aldeko hainbat elkartek Espainiako Kongresuan ofizialtasunari buruzko idazkia aurkeztu eta han PSOEk onartu egin zuen mozioa, ostegun honetan atzera bota zuen PSNk Nafarroako Legebiltzarrean. Hori ulertezina dela iritzi dio Kontseiluak.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 28a
María Chivite eta Pedro Sánchez Iruñean. (Argazkia: PSN)

Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua erakundeek aurkeztu zuten Madrilgo eskaera, eta Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak onartu zuten; PSN eta Navarra suma aurka agertu ziren.

Erabaki ulertezina

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Nafarroako Parlamentuko eztabaidan izan zen atzo, eta erabakia "ulertezina" dela kalifikatu zuen: "Oraindik ez dugu ulertzen zer gertatu den testuarekin Madrildik Iruñerako bidean. Atzo, Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako testua Madrilen onartutakoaren berdin-berdina izan zen". Hartara, "ulertezina da testu beraren aurrean bi jarrera antagoniko izatea. Izan ere, abstenitzea ere bazuen, baina ezezko biribila ematea erabaki zuen", adierazi du Bilbaok.

Kontseiluko ordezkariak azaldu duenez, eragileek adostutako eta hamar alderdiren babesa zuen lehen dokumentuak zazpi puntu bazituen ere, Madrilgo Kongresuak hiru onartu zituen eztabaida luzearen ondoren. Apirilaren 8an egindako balorazioa ekarri du gogora: "Kongresuak onartu zituen hiru puntuekin arrakala egin genuela baloratu genuen eragileok, finean, oinarrizko elementuak jasotzen zituztelako. Egokitzat jo genuen alderdiak adostasun horretara iritsi izana, eta ez genuen zalantzarik testu horiek autonomia-erkidegoetako parlamentuetara helduz gero, babes bera jasoko zutela".

Gogoan hartu beharrekoa da, bederen, Madrilen onartutako honako puntua zuzen-zuzenean lotzen zaiola Nafarroako errealitateari: "Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak bultza eta babes ditzala, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan".

"Oso argi geratu zen lurraldearen zati batez ari garenean, besteak beste, Nafarroaz ari garela, eta horrexegatik erabaki genuen testua horrela idaztea. Hartara, Madrilen bozkatu zutenean ere, bazekiten zein ondorio zekarren puntu horrek", adierazi du Kontseiluko ordezkariak. Beste erkidegoetan ofizialtasunak ez duela arazorik sortzen aipatu du, baina Nafarroan bai.

Hurrengo urratsak

Hizkuntza gutxituen aldeko gizarte eragileek hitzordua eskatua dute Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministroarekin Kongresuak onartutako Legez Besteko Proposamenean jasotakoa nola exekutatuko duen galdetzeko: "Gogoratu behar da Espainiako Kongresuak mandatua egin diola Espainiako Gobernuari puntu horiek bete ditzan; hortaz, gobernuari dagokio autonomia erkidegoetan estatutu-erreforma horiek bultzatzea", gaineratu du. Egoera paradoxikoak sortuko direla ere esan du, toki batzuetan PSOEk alde egingo duelako eta beste batzuetan galga jarri.

Bilbao kezkatuta agertu da PSN euskararen esparruan jartzen ari den oztopo guztiekin: "Besteak beste, lanpostu publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko, euskarazko hezkuntza garatzeko… Horrela, egia da atzoko bozka egun daraman hizkuntza-politikari lotzen zaiola".

 

 

 

Argazkia: Euskalerria Irratia