argia.eus
INPRIMATU
Kontseilu Sozialistak aurkeztu dituzte Euskal Herriko hainbat eskualdetan azken bi asteetan
  • Abenduaren 24an eman zuten Kontseilu Sozialista Iruñerriaren sorreraren berri eta, ordutik beste hainbat Kontseilu Sozialista atera dira argitara tokian toki: Urola Erdian, Deba Bailaran, Donostian, Durangaldean, Gasteizen, Buruntzaldean, Tolosaldean, Lea-Artibain, Bilbon, Goierrin, Hego Uriben, Busturialdean eta Urola Kostan.

Gedar @GedarLangileKZ 2021eko urtarrilaren 08a
Durangaldeko Kontseilu Sozialistaren aurkezpena. Argazkia: AbadiƱoko Gaztetxea.

Azken bi asteetan lekuan leku aurkeztu diren Kontseilu Sozialistetako kideek azpimarratu dutenez, "proletarizazio prozesu bat bizitzen ari gara, non pobretze orokortu baten baitan, proletalgoaren bizi-baldintzak gero eta okerragoak diren". Kontseilu Sozialistak krisi kapitalistaren eta pandemiaren testuinguruan jaio direla azaltzeaz gain, azken horrek proletalgoaren eguneroko bizitzan izan dituen ondorioak eraman dituzte lehen lerrora, ohartaraziz, besteak beste, aipatutako proletarizazio prozesuaren azkartzea nahiz eskubide murrizketa arbitrarioak ekarri dituela.

EUSKAL ESTATU SOZIALISTA HELBURU

"Klaserik gabeko eta inolako zapalkuntzarik gabeko jendarte bat" eraiki nahi dutela nabarmendu dute Kontseilu Sozialistek, helburu estrategikotzat hartuta Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza. Antolakuntza komunistarako tresna izatea litzateke Kontseilu Sozialisten asmoa; hainbat problematika zehatzi erantzungo diete tokian toki, eta "Mugimendu Sozialistak garatutako tesien zabalpena" ere egingo dute.

Azkeneko asteetan kontseiluetako kideek azaldu dutenez, eskualdeka antolatu dira Kontseilu Sozialistak, eta eskualdeka ekingo diote lanari. "Antolakuntza eskala handitzeko", hain zuzen, "kontseiluak eta euren jardun politikoa ezagutzera ematea" eta "aurrerapauso teoriko zein programatikoak ematen jarraitzea" aipatu dituzte baldintza modura.

Belaunaldien arteko lankidetzarako espazio izango direla ere nabarmendu dute kontseiluek, Mugimendu Sozialistak horretan izan dituen gabeziei aurre egiteko. Hala, ikuspegi integrala oinarri egingo dute lan, "Mugimendu Sozialistako gainontzeko eragileen esparrutik haragoko lan-eremuak ukituz".