Ostiral honetan eratuko da Nafarroako Legebiltzarra eta hortik aurrera hiru hilabete izango dira Nafarroako Gobernua osatzeko, baina ez dirudi horretarako arazorik egongo denik, behintzat orain arte haren eraketan giltzarri diren alderdiek diotena kontuan hartuta.
Gobernua osatuko da beraz, baina kontua da nola, ea PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak zer indar izango duten haren baitan. Testuinguru horretan ulertu behar dira egunotan PSN eta Geroa Bairen artean dauden ika-mikak. Atzo bilera egin zuten PSNk eta Zurekin Nafarroak, eta sozialisten esanetan Geroa Bai ere gonbidatuta zegoen, baina ez zen agertu. Geroa Baik azaldu zuen aldez aurretik jakinarazi ziola PSNri ez zela agertuko, eta antzerkia egitea leporatu zien sozialistei.
Zergatik ez zen agertu Geroa Bai? Mami nagusia gobernuko kontseilaritzen banaketan dago, eta Uxue Barkosek gidatzen duen koalizioaren arabera, PSNrekin hitzartua zuen aldebiko bilera bat bi aldeen ordezkaritzaz hitz egiteko. PSNk, aldiz, bertan behera utzi omen zuen bilera hori asteazkeneko hiruko bilera deitzeko. Horren aurrean, Geroa Baik jakinarazi zion Chiviteri ez zela joango.
Joan den legealdian Geroa Bai kexu agertu zen, bere eta PSNren indarrak oso gaizki islatuta zeudelako gobernuan. 2019ko foru hauteskundeetan PSNk hamaika ordezkari lortu zituen –orain bezala–, eta Geroa Baik bederatzi –orain zazpi–. Indar horiekin PSNk lehendakaritza eta zortzi kontseilaritza eraman zituen gobernuan, eta Geroa Baik 4. Ahal Duguk kontseilaritza bat eraman zuen.
Hor dago, beraz, egungo ika-miken zioa. Geroa Baik bi parlamentari gutxiago atera dituenez, PSNk kontseilaritza gutxiago nahi ditu harentzat, baina Geroa Bai ez dago horrelakorik onartzeko prest, eta gutxienez iragan legealdikoari eutsi nahi dio, aurreko legealdian gobernuan ez zela behar bezala ordezkatuta egon argudiatuta.
PSNren eta EH Bilduren arteko bilera iragan asteartean egin zen, eta sozialistek iragarri dute ez dela bien arteko bilera gehiago egingo. Sozialisten esanetan argi adierazi zioten EH Bilduri ez zuela lekurik izango gobernuan eta beste instituzioetan ere ez zirela elkarrekin egongo inongo gobernutan. EH Bilduren esanetan, aldiz, kontatuak hasi besterik ez dira egin, eta badago bestelako akordioetarako aukerarik.
Kontuan hartu behar da, larunbatean eratuko direla udalak, eta ikusteko dagoela Iruñekoan zer gertatuko den. PSNk iragarria du ez duela Joseba Asiron sostengatuko, baina prest dagoela Geroa Baiko Koldo Martinezen hautagaitza sostengatzeko. EH Bilduk orain arte beti ukatu du gisa horretako hirugarren bide bat.
Unai Hualde Legebiltzarreko Mahaiko lehendakari
Aurreko legealdian ere bera izan zen kargu horretan, eta oraingoan ere hala dirudi izango dela. PSNk berriz nahi izan du lehendakaritza eskuratu, baina Geroa Baik argi utzi dio bere asmoak zeintzuk diren, eta itxuraz, Hualdek PSNren eta EH Bilduren sostenguak izango ditu. Kargu garrantzitsua da hori, besteak beste, mahaiak legebiltzarreko tempusak markatzeko ardura duelako. Honela gelditu da osatuta legebiltzar berria: UPNk 15 eserleku, PSNk 11, EH Bilduk 9, Geroa Baik 7, PPk 3, Zurekin Nafarroak 3 eta Voxek 2. Azken indar hori lehenbiziz sartu da Nafarroako Legebiltzarrean, 2019ko botoak hirukoiztuta.