Frantziako Gobernuak hilabete batez muga kontrolak ezartzea erabaki du, Parisen azaroaren 30etik abenduaren 11ra egingo den klimaren goi-bileraren harira.
Hego Euskal Herritik Iparraldera igaro nahi dutenek poliziari dokumentazioa erakutsi beharko diote. Igarobide nagusia Biriatukoa da, baina bigarren mailako pasabideetan ere kontrolak jarriko dituzte.
Schengen ituna etenda
Frantziako Atzerri ministerioak azaroaren 13tik abenduaren 13ra bitarte Schengengo Ituna eten eta mugetan kontrolak ezarriko dituela iragarri die ondoan dituen estatuei. Schengen eremuko akordioak jasotzen duenez, erabaki hori COP21 konferentzia bezalako ekitaldi handien aurretiko egunetan har daitekeen neurrietako bat da.
Ohiz kanpoko erabakia
Nolanahi ere, Parisko gobernuak horrelako erabaki bat hartzea ohiz kanpokoa da. Antzeko goi-bileren kasuan Schengen Ituna lehenago ere etendakoa da, baina beti ere muga kontrolak bilera egitekoa zen hirian jarrita, eta ez estatuaren kanpo mugetan. Frantziak nabarmendu duenez, azaroaren 30ean hasiko den konferentzia “aurrekari gabekoa” da, eta horrek “beharrezko” egiten du gisa horretako neurriak hartzea.
Iragarpenen arabera, 35.000 pertsona inguru izango dira COP21 goi bileran, tartean 196 herrialdetako 10.000 ordezkari eta gobernu arteko zein gobernuz kanpoko erakundeetako 20.000 bat kide. Horiez gain, milaka kazetari izango dira konferentzia jarraitzen; milaka izango diren bezala Parisko manifestazioetan parte hartuko dutenak.
Biriatun auto ilarak areagotzeko arriskua
Kontroletan poliziek nortasun agiria edo pasaportea eskatuko diete Schengen eremuko biztanleei. Itunetik kanpo dauden herrialdeetako herritarrek, aitzitik, bestelako dokumentazioak ere erakutsi beharko dituzte, hala nola, bisa eta itzulerarako bidaiaren txartela. Horrela, bada, dokumentazioa eskatzeko kontrolak areagotzeak Biriatun auto ilara luzeak eragiteko arriskua ekarriko du.