Osakidetzako lan eskaintza publikoan iruzurrak salatu zituen Marta Macho anestesistari kontratua eten diote, ESK sindikatuak salatu duenez. Debagoienako ospitalean lan egiten du Machok eta asteartean deklaratu zuen auziari buruzko epaiketan, iruzur salaketak berretsiz.
Debagoienako ospitaleak Machori komunikatu dionez, ostiral honetan, maiatzak 31, bere kontratua eten egingo da. Ordezkapen kontratua zeukan anestesistak eta lanaldi murriztua zeukan langile baten ordez ari zen. Naiz-ek jaso duenez, orain esan diote ordezkatzen ari zen langileak eszedentzia hartuko du eta beraz bere kontratua bukatu egingo da.
Patxi Nicolau ESK sindikatuko kideak adierazi duenez, Osakidetzako kontratazio araudiaren arabera ezin da halakorik egin. “Beste baten ordezkapena egiten ari den pertsona batek postu berean jarraitu behar du kontratazioari egonkortasuna emateko”, Nicolauren arabera.
ESK-ko kideak nabarmendu du Machok asteartean epaitegian iruzurra berretsi ondoren etorri dela kontratua bukatzeko erabakia eta ospitaleko zuzendaritzari eta giza-baliabideetako alorrari eskatu die “kasualitate” hori esplika dezatela. “Guretzat, errepresio argia da”, adierazi du Nicolauk.