argia.eus
INPRIMATU
Kontratu publikoetan langileei 1.200 euroko soldata bermatzea atzera bota dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontrataturiko enpresetan, langileek Europako Eskubideen Kartak agintzen duena jasotzea bermatzeko ekimenak EAJren, PSEren eta PPren ezezkoa jaso du.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 19a

Asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, hainbat gairen artean, kontratu publikoen eta soldata duinen inguruko eztabaida izan zen. EH Bilduk egin presazko proposamenak –ondoren Elkarrekin taldearekin erdibideko zuzenketa aurkeztu zuten bozkatua izateko– eskatzen zuen lan prekarietateari aurre egiteko Gipuzkoako Aldundiak bermatu dezala kontratu publikoen esleidun diren enpresetako langileek 1.200 euroko soldata jasotzea:

Esti Elduaien EH Bilduko batzarkideak azaldu zuenez, Europako Eskubideen Kartak ezartzen du gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %50-60 izan behar duela, eta Gipuzkoako kasuan 1.200 euro direla hori: “Diputazioak bere etxetik hasi behar du neurriak hartzen eta gizarte osoaren eredu bilakatu”.

Baina ekimena ez da aurrera atera eta soilik Elkarrekin taldearen babesa izan du EH Bilduk. Eduardo Oliden Elkarrekin-eko batzarkidearen esanetan “eztabaida honen azpian dagoena da ea nola erakundeek geldiarazi ditzaketen merkatuak gure jendartean uzten dituen lan baldintza-prekarioak”.

Bi talde horiek aurkezturiko erdibideko zuzenketak zehazten zuen segimendu-organo bat sortu beharko litzatekeela gizarte-klausulak betetzen diren jakiteko eta Kontratazio Publikoaren Behatoki bat ere bai, besteak beste.

EAJ, PSE eta PP ekimenaren kontra azaldu dira. Sozialisten ustez Diputazioaren “eskumena gainditzen” du proposamenak eta, bestetik, “baztertzailea” ere bada, kontratazio publikoak dituzten enpresetan lan egiteko “pribilegioa” duten langileei bakarrik eragingo bailieke. EAJko eledunak, bere aldetik “errealitatearen gestioa” eta “gustatuko litzaigukeenaren aldarrikapena” bereizi zituen ekimena arbuiatzeko.

Aldeko 19 boto eta kontrako 29 boto izan ditu proposamenak eta azkenerako lan baldintzen inguruko ebazpen orokor bat baizik ez da onartu, Gipuzkoako Aldundiari eskatuz “langileek lan baldintza duinak eta kalitatezko enplegu baten mesedetan bere eskumenekoak diren politikak eta neurriak garatzen jarrai dezan”.