argia.eus
INPRIMATU
Kontratu Publikoen Foru Legea Konstituzionalera eraman du Madrilek
  • Espainiako Gobernuak uda aurretik eraman zuen legea Auzitegi Konstituzionalera eta horrek orain onartu du eztabaidarako. 2021ean onartu zen Kontratu Publikoen Foru legea eta lau artikulu jarri ditu auzitan Madrilek.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 16a
(Argazkia: Navarra.es)

Hasiera batean hamalau artikulurekiko desadostasuna agertu zuen Pedro Sánchezen gobernuak, baina Nafarroa-Estatua Elkarlanerako Batzordean landu ondoren, hamar artikulutan akordioak lortu zituzten. Arazoaren muina oso aspaldikoa da, eta arau kontua baino borondate politikoa dago oinarrian; Madril bereziki baliatzen ari da azken hamarkadak, bai Gernikako Estatutua, bai duela berrogei urte onartutako Foru Hobekuntza eskumenez husteko.

Berez, hitzarmen eta emakida administratiboen eskumenak Nafarroarenak dira, baina estatuaren oinarrizko lege egituraren markoan garatu behar dira, eta horrek aukera ematen dio estatuari eskumenak zein lege esparrutan garatu behar diren finkatzeko.

Desadostasunak bi puntutan daude nagusiki, bata negozio juridikoak eta kontratazio publikoen artean dagoen harremanari dagokiona, eta foru gobernuak bere esku nahi ditu horietako zenbat zerbitzu juridiko. Bestea, medikazioaren eremukoa da, non Nafarroako Osasunbideak medikazioak erosteko autonomia nahi duen, esaterako botikak lehiaketa publikora atera gabe erosteko. Madrilek dio farmazeutika eskumenak bereak direla eta hori 9/2017 Legearen aurkakoa dela. Gaia Auzitegi Konstituzionalak ebatzi beharko du orain.