argia.eus
INPRIMATU
Kontratazio “etikoan” sakontzeko eskuliburua osatzen ari da Gipuzkoako Aldundia
  • Esleipen publikoetan, eta batez ere obra zibilean, sindikatuek esplotazio egoera ugari salatu dituzte azkenaldian, izan Abiadura Handiko Trenean edo Zubietako erraustegiko lanetan. Azkenekoa ELAk asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldia izan da. Hain zuzen, egun berean Gipuzkoako Aldundiak iragarri du kontratazio “etikoan” sakontzeko eskuliburua osatzen ari dela.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 18a
Gipuzkoako hainbat obra esanguratsutan izandako lan-esplotazio salaketen ostean iragarri du Gipuzkoako Aldundiak eskuliburuaren osaketa (arg: Gipuzkoako Aldundia)

Horretarako lantalde bat martxan dauka 2016tik ona eta eskuliburua egiterakoan kontuan izan dute “gizartea gero eta zorrotzagoa dela” kontratazioaren arloan. Dokumentua dozenaka langile eta enpresetako ordezkarien aurrean aurkeztu zuen Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak Donostiako Foru Jauregian.  

Besteak beste, gomendioak, irizpideak eta argibideak jasoko ditu eskuliburuak hainbat gaien inguruan: enpresak esleipenean eskaintza baxu edo ausartegia egiten badu nola jokatu;  ingurumenari loturiko klausulak; enpresa txiki eta ertainei, bai eta ekonomia sozialean dabiltzanei ere irtenbidea emateko aukerak…

Aldundiak azaldu duenez, txostenean “modu espezifikoan” garatzen dira enpresa esleipendunek kontrataturiko langileek lan baldintzak bermatzera bideratutako klausulak, eta horretarako “kontrol bereziak” aurreikusiko dituztela gaineratu du.

Sindikatuek behin eta berriz salatu dutenez, eraikuntzan ari diren azpikontratek euren langileei baldintza oso gogorrak inposatzen dizkiete (lanaldi luzeak, soldata oso baxuak, oporraldirik gabeko kontratuak…) esleipen publikoen “tartan” lehiatu ahal izateko. Horietako asko jasotzen ditu gaiari buruz erbia harrotu duen Zuloan liburuak; zenbait kasutan ordainsaria ez da 6 eurora iristen AHTko obretan.

Kontratazioari buruzko eskuliburuak Europar Batasuneko zuzentarauei egokitu eta legean egon daitezkeen aldaketen aurrean erantzuna emateko ere balioko duela adierazi du foru erakundeak.