argia.eus
INPRIMATU
Kontraesanen besaulki erosoa
  • Ez dizut gezurrik esango: Coronavirusa hasi zenetik ni lasai asko egon naiz etxean. Bizitzeko behar dudan guztia daukat hemen, familia eta lagunak izan ezik, baina hauekin ere etengabe nago harremanetan.Egun hauetan guztietan behin ere ez zait ezertxo ere falta izan. Bizimodu lasaia eta erraza eraman dut, eta nahi gabe, laugarren egunerako pilotu automatikoa martxan jarrita neukan eta Kontraesanen Besaulki erosoan esertzeko prest nintzen.

Idoia Galán López 2020ko apirilaren 12a

Ez dakit halako besaulkirik daukazuen etxean, baina benetan erakargarria da. Alde batetik estetika, besaulki honetan dena baita zuk irudikatu nahi duzun bezain ederra; bestetik, erosotasuna, egia gordinak deseroso sentiarazten bazaitu, egon lasai, besaulki honek zure neurrira egindako errealitatea marraztuko baitu.

"Ez dizut gezurrik esango: Kontraesanen Besaulkia oso erosoa da. Agian horregatik gelditu nintzen pare bat aldiz balkoitik begira lehenengo egunetan, nire besaulkitik jendea kontrolatzen"

NIMBY (Not In My Back Yard) fenomeno antzeko bat sortuko da zure etxeko egongelan bertan: errealitatean ematen diren egoerak eta bidegabekeriak ikusteko gai izango zara agian (langileen prekarietatea, osasun publikoaren hutsuneak, gizarte zerbitzuen zailtasunak, eskola publikoen baliabide falta, emigranteen egoera latza, bertoko denda txikien ezegonkortasuna... dena Zaldibarreko ke usainak ondo borobilduta), baina, aldi berean, beste norbaiten arazoak direla sinestea nahiago izango duzu. Egoera hitzez onartu bai, baina erantzukizuna ez dadila gehiegi hurbildu: not in my back yard, thank you. Hau da, errealitatea erdipurdi ezagutu bai (oso pertsona jantziak garela uste dugu, baina gehiegi jakitea ere ez da komeni), kexatu ere bai (geure iritzia eman behar dugu, nola ez), baina gero Netflix piztu, Kontraesanen Besaulkian eseri eta Amazonen behar ez dugun zerbait eskatuko dugu, edo supermerkatuan erosi dugun komuneko paper kantitateaz harro dagoen horietako bat izango gara sekretuan. Izorra daitezela besteak! Eta, egon lasai, egoerarekiko axolagabekeria leporatzen badigute ere, besaulkiaren beste luxuetako bat erabili ahal izango dugu: norbere buruaren justifikazioa edo Salbuespenlandia (beti gaude salbuespen bat egin dugula onartzeko prest). Azken finean, ekintza bakar batek ez du ezer aldatzen, ezta?

En fin. Ez dizut gezurrik esango: Kontraesanen Besaulkia oso erosoa da. Agian horregatik gelditu nintzen pare bat aldiz balkoitik begira lehenengo egunetan, nire besaulkitik jendea kontrolatzen, nahi gabe hau ere (besaulki honetan nahi gabe egiten baita dena). Hausnarketarik eskatzen ez duen pilotu automatiko honek baditu bere arriskuak.

Bada, ostegunean ez nuen komuneko paperik aurkitu supermerkatuan eta etxera iristean, sorpresa! Norbait zegoen nire besaulkian eserita. ERTE bat egingo didatela eta besaulkia konfiskatu didala banketxeak bitartean, ez baitaukat hipoteka nola ordaindu. Negar egin nuen, nire besaulkian eserita zegoen tipoari erreguka, hori ezin zela izan, arren, ikusteko nire egoera zein zen, baina dagoeneko ez zidan entzuten: Kontraesanen Besaulki erosoan pilotu automatikoa pizten ari zen, ezerezari begira “sorry, not in my back yard” ahoskatzen zuen bitartean.