argia.eus
INPRIMATU
Kontatzen ez den mina, ez omen da

Esteban Serrano Gómez 2020ko maiatzaren 11

Izena duen guztia omen da. Horrela dio esaera zaharrak eta hala zioten gure arbasoek euskal izaki mitologikoen defentsan.

Balantzaren beste aldean tabuak ditugu. Zenbait konturen inguruan ez dugu berba egiten, beldur batzuei aurre egitea ez delako batere erreza, ez delako “politikoki zuzena”, beti horrela izan delako edo beste edozein ganora gabeko arrazoigatik. Nahiz eta isiltasun hori kaltegarria dela jakin eta horren kontra egin izan nahi, gizartearen isiltasunak isilarazten gaitu. Isiltasunak isiltasunera kondenatzen gaitu eta gure isiltasunarekin isiltasuna betikotzen dugu.

Heriotza gogorra da. Amama edo aitite bat era naturalean hiltzea gogorra da, guraso bat denean bat-batean joaten zaiguna mina are handiagoa omen da eta seme-alaba bat galtzea bizitzak eman ditzakegun zigorrik latzena dela diote. Argi dago mina neurtu ezin den sentimendua dela eta bakoitzak era baten gainditzen duela, baina gizarteak tabuak sortu dituen era berean, eskala makabro hori ere eraiki du.

Dolua gure gertukoenen babesak arintzen duen nahitaezko prozesua da. Joan berri zaiguna omendu eta agurtzeko hileta eta agurretan elkartu ohi gara, baina zinez, bizirik diraugunon elkarbabesa da agur horien eginkizuna.

"Inori kontatu ezin zenion haurdunaldia eteten denean ordea, abortu natural bat deiturikoa sufritzen duzunean, finean zain zenuen umea galtzen duzunean, doluak eta tabuak bat egiten dute"

Inori kontatu ezin zenion haurdunaldia eteten denean ordea, abortu natural bat deiturikoa sufritzen duzunean, finean zain zenuen umea galtzen duzunean, doluak eta tabuak bat egiten dute. Sufrimendua neurtu ezina da bai, baina bakardadearen dolua, negar egiteko sorbalda bakartiarena, gizartearen isiltasunak minari aurre egiteko oinarrizko lanabesa lapurtu digunekoa, bortitza da oso.

Ikaragarri altua da haurdunaldiaren lehenengo asteetan ahur-galtzea sufritzen dutenen portzentaia, baina omertá bere horretan mantentzen da, tabua ez dio tabu izateari uzten. Izenik ez duen guztia, kontatzen ez den mina, ez omen da.

Isilpeko dolu hau bidelagun dudan bikotearekin pasa dut, baina bera da bere larrutan abortua sufritu duena. Hein batean hitz hauek nireak ez direla esan nezake, nik berak hausnartu eta helarazitakoa paper gainean islatu baino ez baitut egin. Galeraren minak, abortua izan duen emakumeari eta bere bikoteari era berean eragiten ez dion bezala, isiltasunaren presioa emakumearengan askoz handiagoa da eta hori kontuan hartu ezean, ulergaitza litzake lerro hauek gizonezko batek idatzi izana.