argia.eus
INPRIMATU
Konstituzionalaren epaiak euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen duela salatu dute herritarrek
  • Arrasaten, Mutrikun eta Zarautzen, tokiko eragileek deituta, protestara irten dira dozenaka lagun Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalek euskara hutsean jarduteko eskubidearen aurka egin eta gero. Hautetsiek eta euskalgintzako eragileek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako Bilbon, auzitegien atarian.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko uztailaren 11
Zarauzko Zirika elkarteak deitutako protesta. Argazkia: Aritz Mutiozabal / Zarauzko Hitza

Tokiko eragile eta euskara elkarteek deituta, Arrasaten, Mutrikun eta Zarautzen elkarretaratzeak egin dituzte astelehen arratsaldean Espainiako Konstituzio Auzitegiaren azken ebazpenaren aurka, hizkuntza eskubideen defentsan pausoak emateko asmoz.

Erabakia "oso larritzat" jo dute euskara eragileek, euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik, ofizialtasuna ere auzitan jartzen duelako beren ustez. Euskararen egoera "oso zaurgarria" dela argudiatu dute, besteak beste, hizkuntz eskubideen kontrako epaiak normalizatzen ari direlako, eta, beraz, euskara babestu beharra aldarrikatu dute. "Badirudi babestuta dagoen hizkuntza bakarra gaztelania dela", adierazi dute Zarauzko Zirika kultur elkarte sortu berriko kideek protestaren amaierako hitzartzean, Berria egunkariak jaso duenez.

Ostegunean, Bilbon

Udal hautetsiek eta euskalgintzako ordezkariek agerraldi bateratua egingo dute datorren ostegunean, hilaren 13an, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean, 11:00etan. Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz salatu beharrekoa da azken epaia, euskararen normalizazioari eta biziberritze prozesuari "oztopoak" jartzen dizkiolako.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek agerraldia egin zuten, bestalde, joan den ostiralean, Usurbilen, Konstituzionalaren epaiak "ezinegon handia" sortu duelako. Euskalduntzean "atzera egiteko arrisku bizia" dagoela azpimarratu zuten, eta "oldarraldi honek erantzun juridiko sendoa" behar duela nabarmendu, lege-esparrua "eraberrituta". Horregatik, euskarak "estatus juridiko berria" behar duela esan zuten.

"Euskara hutsean funtzionatzeak eskubide linguistikoak urratzen ditu"

Hori dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren osteguneko ebazpenak (hona hemen epaia, gaztelaniaz). EAEko Udal Legearekin ahalbidetzen zen euskara hizkuntza nagusia zen herrietan, hau da, herritarren gehiengo handiak euskaraz dakiten UEMAko herrietan, administrazioak zenbait dokumentazio euskaraz sortzea, gaztelaniazko itzulpenik gabe. Hori bai, betiere eskubidea emanez inork propio eskatzen bazuen, gaztelaniaz ere guztia jasotzeko.

2016an, gehiengo zabalarekin onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Udalen Legea, eta epe motzean auzitan jarri zituen hainbat artikulu Espainiako Estatuaren Abokatutzak. Aurrerago, akordioa erdietsi zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, legea behar bezala interpretatzeko. Bazirudien hor itxi zela auzia, baina Vox eskuin muturreko alderdiak, udal ordezkaririk eduki gabe, salaketa jarri zuen EAEko Auzitegian. Espainiako Konstituzionalera heldu zen gero, EAEko epaileek zalantzak zituztelako. Madrildik etorri den ebazpenak dio "desorekak" sortzen direla bi hizkuntza ofizialen artean, eta euskara hutsean funtzionatzeak eskubide linguistikoak urratzen dituela.