Espainiako Konstituzio Auzitegiak baja laboralagatik langileak kaleratzea babestu du, baja hori justifikatuta egonda ere. Kataluniako langile baten salaketari erantzun dio, berrogei egunetik bederatzitan lanera joan ez zela-eta kaleratu zutelako.
Konstituzionalak absentismoa gelditzeko lan-erreformaren artikulu bat baliatu du. Artikulu horren arabera, arrazoi objektiboagatik langile bat kaleratu daiteke –lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko indemnizazioarekin–, baldin eta bi hilabetez jarraian lanegunen %20tan huts egiten badu edo lau hilabetean %25ekoa bada hutsegitea. Beraz, auzitegiaren arabera legala da egun kopuru horietan lanera joaten ez den pertsona bat kalera botatzea.
Erabakia ez da aho batez hartu, baina Konstituzionalaren ondorioetako bat da lanerako eskubideak baduela muga bat: “Enpresaren askatasuna eta bere produktibitatearen defentsa”. Baieztapen horrek PP eta PSOEren erreforma laboralarekin bat egiten du, baina okerrago dena, kapitalismo basatienaren tesiak justiziaren arloan ere onartzea dakar, enpresaren askatasuna laneko osasunaren gainetik jarriz.
Epaiak generoaren araberako diskriminazioa ere egiten du, emakumeak baitira gizonezkoak baina askoz gehiago lanegun bikoitza jasaten dutenak: soldatapekoa eta zaintzakoa. Horrek euren osasun egoera kaltetzen du erabat. Ez da kasualitatea epaimahaiko emakume bat erabakiarekin ados ez egotea.
Ez ginateke alarmismoan eroriko esango bagenu kapitalismo bat sortzen ari dela “ageriz kriminala den etorkizuneko proiektua” duena, Carlos Taibo idazle eta irakasle madrildarrak berrikitan azpimarratu duen bezala. Konstituzio Auzitegiaren sententzia norabide horretan doa.