Espainiako Konstituzioak 40 urte betetzen dituenean, EAEko Legebiltzarrak ez du ospakizun ekitaldietan parte hartuko, osteguneko osoko bilkuran hala erabakita.
EH Bilduk egin du proposamena, eta sei puntu finkatu ditu EAJrekin. Elkarrekin-Podemos taldeak, aldiz, ez ditu denak babestu. Konstituzioak “zilegitasun gabezia handia” duela onartu dute, ez baitu egungo populazioaren zati esanguratsu bat ordezkatzen. Galdeketa egingo balitz, hiru lurralde historikoetako herritarren gehiengoak ez lukeela babestuko esan dute. Erreformaz hitz egin dute, “determinazio librearen eskubidea” oinarritzat izango lukeena.
Espainiako Konstituzioak “oinarri antidemokratikotik eta historikoki faltsutik” eraiki duela Espainiako Estatua dio onartu den testuak. Izan ere, herrien batasun hori ez zela eta gaur egun ere ez dela herrien atxikimendu librearen eta borondatearen ondorio. “Euskal Herriaren eskubide historikoak eguneratzeko interpretazio juridiko-politikoak baliatu behar dira”, dio dokumentuak.
Espainiako Estatuaren izaera monarkikoaz ere mintzatu dira. Gogor kritikatu dute: “Gizarte demokratiko batean, herritarrak ordezkatzen dituen kargu publiko oro hauteskundeen bidez hautatu eta berritu behar dira, aldian-aldian”. Horrela, dei egin diote Pedro Sánchezen gobernuari.
Saioko azken puntua Espainiako Gobernuak antolatu dituen Konstituzioaren omenezko ekitaldietan parte hartzeaz izan da. Ezezko irmoa eman diote, alderdi politiko gehienak aurka azaldu baitira.
“Boterea Madrilen dago”
Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak gidatu du oro har gaurko saioa, berak aurkeztu baitu proposamena. Erabakitzeko eskubideaz mintzatu da gehienbat. Haren hitzetan, “teorian” Espainiako Gobernuarekin adostasuna lortzea da “egokiena”, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Aldiz, Estatua zentrala dela esan du, “boterea Madrilen” baitago. Katalunia adibide gisa jarriz, Gobernuaren partetik jasotzen duten erantzuna “beti ezezkoa” dela adierazi du.
EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarrek adierazi du Estatuak ez duela “behar adinako babesik aldaezina den lege bezala aurkezteko”, eta egungo Konstituzioa defendatzen dutenak ez direla “gehiengoa”. Erabakitzeko eskubideaz “bide bat” aurkitu behar dela ere esan du, nolabait "legearen barruan eta zilegitasun osoz" herri honen etorkizuna hautatzeko. Baina hori, “borondatea baldin badago”.
Jon Hernandez Elkarrekin-Podemos alderdiko legebiltzarkideak “nazio anistasuna” lortuko duen konstituzio bat nahi duela adierazi du, eta egungo Konstituzioak ez diela “behar sozialei” behar bezala erantzuten.
“Elkarbizitzaren aldeko itun handi bat” izan arren, hura “hobetu” behar da, Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkidearen hitzetan. EAJri leporatu dio EH Bilduren “tranpan” erori izana, eta azken honek, “arauak eta prozedurak” ez errespetatzeko “borondatea” duela.
EH Bildu “elkarbizitza plurala” arriskuan jartzen ari dela esan du PPko Borja Senperrek. EAJ eta alderdi abertzalea kritikatu ditu ostegunean sinatu den dokumentuarengatik, “ordena konstituzionala iraultzea” ahalegintzen ari direla leporatuz.