argia.eus
INPRIMATU
Konpromiso Eguna antolatu dute Donostian, Boulevarreko Aske Gunearen bigarren urteurrenean
  • Eleak mugimenduak eta Libre dinamikako beste hogei bat taldek Konpromiso Eguna antolatu dute larunbatean Donostian. Eskubide sozial eta politikoen aldeko lana bateratu, indartu eta egonkortu nahi dute datozen makro-epaiketei eta Mozal Legearekin batera etorriko diren erasoei begira.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko apirilaren 08a

Donostiako Boulevarrean Aske Gunea eraiki zela bi urte beteko dira egun hauetan. Geroztik Herri Harresi eta antzerako hamaika dinamika jarri dira martxan Euskal Herri osoan.

Eleak mugimenduak zein Libre taldeek larunbatean Konpromiso Eguna antolatu dute, orain artekoaren hausnarketa eginez etorkizunera begira dinamika indartu eta honi jarraikortasuna emateko: “Herri Harresi indartsu, iraultzaile eta alaia osatuz, eskubide sozial eta politikoen desegitea bertan behera uzteko unea da”.

11:00etan hasiko dira Libre Topaketak. Bertan herri eta auzo ezberdinetako taldeek parte hartuko dute, azken urteotako esperientzien testigantzetatik abiatuz aurrera begira eman beharreko pausuak zeintzuk diren aztertzeko. 14:30ean bazkari herrikoia izanen da. Bi ordu beranduago, 17:30ean manifestazioa eginen dute Donostiako kaleetan zehar. 19:00etan Desobedientzia, elkartasunetik konpromisora dokumentala estreinakoz ikusteko aukera izanen da. Arratsaldean zehar kale animazioa, bertso musikatuak eta kontzertuak izanen direla azaldu dute antolatzaileek.

Iazko Konpromiso Eguneko irudiekin egin duten bideoa azpian.