argia.eus
INPRIMATU
Konponbiderik gabeko desoreka?
  • Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan banatzeko aukera emango digun plana.

Ordiziako Euskal Eskola Publikoaren komunitatea 2024ko maiatzaren 07a

Askotan salatu dugu Ordizian eskolen artean pairatzen dugun desoreka (gehiegitan). Beste hainbatetan eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari neurri zehatzak har ditzala egoera bideratzeko. Baina Hezkuntza Saileko arduradunek tematuak dirudite Ordiziako desoreka betikotzearekin.

Ordiziako herritarren bostetik batek jatorria atzerrian du. Edonola ere, familia horietako haurren proportzioa nabarmen handiagoa da. Haurrik txikienen artean, bostetik biren familiek atzerrian dute jatorria. Eta nekatzeraino azaldu dugun bezala, gehienek Eskola Publikoan ikasten dute; jatorria atzerrian duten familietako lau haurretatik hiruk, alegia. Jatorria Euskal Herrian duten familietako hiru haurretatik bat besterik ez dago, ordea, Eskola Publikoan.

Desoreka are handiagoa da familien euskara ezagutzari dagokionez; euskara ezer ez edo gutxi dakiten lau familiatatik hiru eskola publikoan daude.

Era berean, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten ia familia guztietako haurrak Eskola Publikoan daude.

Edonork ondoriozta dezake desoreka horrek elkarbizitzan, berdintasunean, justizia sozialean, herriko inklusioan edota euskalduntzean duen eragina eta sortzen dituen tentsio, arazo eta zailtasunak.

Urtez urte handitzen doazen zenbaki eta proportzioak dira. Azken zortzi urtean bost aldiz biderkatu da desoreka.

Eusko Jaurlaritzari behin eta berriro eskatu dizkiogu egoera bideratu eta orekatzeko neurriak, baina errealitateak okerrera egin du.

Ustez desorekei aurre egiteko Hezkuntza Sailak sortu duen “zaurgarritasun indizeak” apenas aldatu du egoera Ordizian. Azken bi urtean indize hori Eskola Publikoari ikasleak kentzeko besterik ez da erabili

Ustez desorekei aurre egiteko Hezkuntza Sailak sortu duen “zaurgarritasun indizeak” apenas aldatu du egoera Ordizian. Azken bi urtean indize hori Eskola Publikoari ikasleak kentzeko besterik ez da erabili, nahiz eta Eskola Publikoan eskola-plazak libre izan. Eta desorekan apenas izan du eraginik.

Aurrez adierazitako migrazio eta euskalduntze datuak dituen herrian, Jaurlaritzak aurten ezarri duen “zaurgarritasun indizea” %11,63koa izan da; datu objektiboek adierazten dutena baino lau aldiz txikiagoa. Eskola Publikoaren “zaurgarritasun indizea”, %14,29.

Iaz kexu ginen herrirako %34,74ko “zaurgarritasun indizeak” eta Eskola Publikorako %41,30eko indizeak ez zutelako gure errealitatea islatzen, eta aurten hau? Eta inolako mugimendu eta aldaketarik ez matrikulazioan? Inolako pausurik ez desoreka bideratzeko?

Komeni da gogoratzea “zaurgarritasun indizea” kalkulatzeko Hezkuntza Sailak ez duela nagusiki familien jatorria, euskara ezagutza, zerga aitorpena, jabetzak edo zerbitzu sozialen edota laguntza sozialeko zerbitzuen erabilera moduko datu objektiborik kontuan hartzen. Aldiz, familia bakoitzari Netflix duen ala ez galdetzen dio, etxean zenbat bainugela dituzten, familia kideen smartphone, tablet edo e-book kopurua, Internet sarbiderik duten ala ez...

Egoera behin eta berriro errepikatzeak etengabeko desorekara eta tentsiora kondenatzen gaitu. Eta ez dugu hori nahi, ez Eskola Publikoarentzat, ezta herriarentzat ere.

Ordiziak datu objektibo horietan oinarrituta, herriko ikastetxeak orekara eramango dituen interbentzio plan berezi bat behar du. Ikastetxeak urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango dion plana. Arartekoak azken bost urtean behin eta berriro aipatzen duen moduan, familien ikastetxea aukeratzeko askatasuna kontuan hartuta, baina herriko orekaren gainetik jarri gabe.

Herriko elkarbizitzak, berdintasunak, justizia sozialak, inklusioak eta euskalduntzeak merezi dute. Horretarako prest dauden politikariak eta gobernua behar ditugu.

Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitatea