argia.eus
INPRIMATU
Konponbiderako deiak eta kartzela zigorrak hamar ETAkideren Parisko epaiketan
  • Parisen ETAko hamar kideren kontrako epaiketan atzo egin zen azken saioan, epaituek azpimarratu dute erakundea prest dagoela Estatuarekin gatazkaren ondorioak eztabaidatzeko eta “konponbiderako beharrezko pausoak emateko”. Aitzol Iriondo mintzatu da gainontzeko epaituen izenean, beste hainbat gauzaren artean ETAk 2011ko urriaren 20an jarduera armatua uzteko erabakia hartu zuela gogoratuz.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 14a
Auziperatuei epaiketako lehenengo saioan eginiko irudia (argazkia: zuialde.wordpress.com)

2008an Landetan Orioko familia bati furgoneta lapurtu izanagatik eta Oropesan atentatu bat egiten saiatzeagatik zeuden auziperatuak ETAko kideak. Otsailaren 18an, epaiketa hasi zenean, herritarrei egindako kalteengatik “sentitzen” zutela adierazi zuten, ETAko militante izatea onartuz eta elkarrizketaren alde agertuz. Adierazpena erakunde armatuaren izenean egin zuten.

Bake adierazpenen ostean, atzoko saioan Xabier Aramendik Muret-Seysseseko kartzelan pairatutako tratu txarrak salatu zituen Iriondok, Kazeta.infok argitaratu duenez. Gaineratu zuen ETAk armak utzi eta elkarrizketarako prest agertu zenetik Estatu frantziarraren erantzuna atxiloketa eta tratu txar gehiago ematea izan dela, eta “konponbidearen aldeko mezua” helarazi  zioten.

Ezker Abertzaleak epaituen adierazpena goraipatu du, Eusko Jaurlaritzak deitoragarritzat jo du, eta Espainiako Gobernuak, aldiz, “propaganda” besterik ez dela. Hipercor-eko atentatuan erakundearen biktima izandako Roberto Manriquek, ordea, adierazpenak pausu garrantzitsu bat suposatzen duela aitortu du.

Epaiketaren erabakia arratsalde bukaeran eman zen. Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Luis Iruretagoienak 20 urteko kartzela zigorra beteko dute. Oihan Barrandalla, Ander Mujika eta Alaitz Aramendik 18 urtekoa. Aitzol Etxaburu eta Itziar Plaza 12 urtera zigortu dituzte eta Jurdan Martitegi 8 urtera.