argia.eus
INPRIMATU
‘Konponbidea’, preso eta iheslarien eskubideen aldeko plataforma berria
  • Herrira legez kanpo utzi ostean, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan egingo duen plataforma berria aurkeztuko dute igandean Donostian.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 11
Herritarren sare anitza eratzea du xede plataforma berriak.

Joan den urrian Espainiako Auzitegi Nazionalak Herrira mugimendua legez kanpokotzat jo ondoren, plataforma berriak presoen eskubideen defentsarako herritarren sare anitza sortu nahi du, "bakearen, giza eskubideen eta gatazkaren konponbidearen" aldeko urratsak ematen jarraitzeko.

Ekimen berriak herri-dinamiketan oinarritu nahi du eta pertsona bakoitzak hurbileneko errealitatean eragiteko deia luzatu dute. Horregatik, igandean aurkezpen-ekitaldiaz aparte, herritarrak protagonista izango diren mobilizazioa ere izango da.

Donostiako Zuloaga plazan egin dute hitzordua, igande eguerdian.

San Telmoko adierazpena

Apirilean Donostiako San Telmo museoan egindako adierazpenak abiarazi zuen Konponbidea ekimena. Arlo, erakunde eta ideologia ugaritako 25 lagunek sinatu zuten manifestuan, giza eskubideak errespetatzea denen eginbeharra dela, eta gatazka konpontzeko euskal herritarren adostasunean eraikitako sare “indartsu eta geldiezina” ezinbestekoa dela adierazi zuten.

Adierazpena sinatu zutenen artean daude, besteak beste, Arantxa Arruti, Joseba Azkarraga, Angeles Iztueta, Javier Madrazo, Toti Martinez de Lezea, Aitor eta Amaia Merino, Izaskun Moyua, Eneko Olasagasti eta Maialen Lujanbio.