Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellen jario arrazista eta eurozentristak ez du etenik. Oraingoan Amerikako konkistaren apologia egin du eurodiputatuen eta Hego eta Erdialdeko Amerikako parlamentarien aurrean.
Asteazkenean, Josep Borrell Europar Batasuneko diplomaziaburuak Europako eta Latinoamerikako 150 parlamentarik osatutako EuroLat batzarrean hartu du parte. Eta PSOEko kide katalanak ez du ideia hoberik izan egungo egoera aztertzeko honako hau baino: “Aurkitzaileek eta konkistatzaileek bezala, Mundu Berri bat asmatu behar dugu. Gure iparrorratz estrategikoa kontzientzia historiko osoarekin birkalibratu behar da, aurrean ditugun aldaketen garrantzia ulertzeko”.
Mendebaldeak jatorrizko herrien aurkako indarkerian, arrazakerian eta arpilatzean oinarritutako sistema jarri du erreferentziatzat, Borrellek, "zurrunbiloen garai honetan, premiazkoa delako Europar Batasunaren eta Latinoamerikaren arteko loturak sendotzea: Inoiz baino gehiago behar dugu elkar".
Enegarren adierazpen eurozentrikoa
“Europa lorategi bat da […], eta munduaren gainerakoa ez da zehazki lorategia. Munduko gainerako zatirik handiena oihana da, eta oihanak lorategia har dezake”, zioen Borrellek urriaren hasieran Europako Akademia Diplomatikoaren irekiera ekitaldian. Eta, eskuin muturreko diskurtso xenofobo eta zibilizatzaile gordina lasai aireratuz, ondokoa gaineratu zuen: "Lorezainek oihanera joan behar dute. Europarrek askoz konpromiso handiagoa hartu behar dute munduarekin. Bestela, munduaren gainerakoak inbaditu egingo gaitu, askotariko modu eta bitartekoez".
2019ko apirilean, Mexikoko Casa de América-n, Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako ministro zela, azpimarratu zuen Mexikoko presidente Andrés Manuel López Obradorrek jatorrizko herriei eskatu beharreko barkamen eskeak, "Kondaira Beltzean" oinarrituta eraiki diren "topiko" batzuk dituela oinarri. Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak sustatutako Kondaira Beltza ildoak dio Espainiako historia zikintzeko asmoz, propaganda antiespainiar eta antikatolikoa barreiatu dela munduan, gehien bat Espainiako Inperioa itsusteko eta espainiarren “lorpenak” ezkutatzeko. Horri jarraiki, konkista honela definitu zuen Borrellek: "Indigenen arteko gerra zibila izan zen, non guk Alexandro Handiaren pareko inteligentzia pragmatikoa erabili genuen". Era berean, azpimarratu zuen Espainiari esker "gizarte berri bat sortu zela, garapen politiko berri bat, eta ikusi besterik ez dagoela Latinoamerikara joatean, hangoek esaten dizutenean konkista indigenen kontua izan zela eta espainiarrena independentziarena".
2018ko azaroan, Madrilgo Complutense Unibertsitatean Europaren etorkizunaz eztabaidatzeko antolatu foro batean, adierazi zuen "lau indio hiltzeaz gain besterik ez zutela egin" AEBetako independentzia lortzeko. Guztiek hizkuntza bera erabiltzeak eta historia oso gutxi izateak, integrazio politikoa sendotzen laguntzen duela ere azpimarratu zuen Borrellek.