argia.eus
INPRIMATU
Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak
  • Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abuztuaren 20a
Unicef

Osasunaren Mundu Erakundeak hilaren 14an izendatu zuen osasun larrialdi egoera, tximino baztanga bereziki indartsu ari zelako agertzen eta zabaltzen Afrikako hainbat lekutan, besteak beste, Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta apalago bada ere, baita Burundin, Kenyan, Ruandan eta Ugandan ere. Milaka eta milaka kasu atzeman dituzte kontinentean, eta heriotzak ere asko dira. Kongon bakarrik, 570; horietatik 480 inguru haurrak, Unicef-en arabera, eta asko 5 urtez azpikoak, horiek baitute-eta hilkortasun tasarik handienetakoa. GKEaren esanetan, tximino baztangaren egungo aldaera inoiz baino gehiago ari da hedatzen haurren artean. Horregatik, horiek zaintzeko premia aldarrikatu du.

OMEk larrialdi egoera deklaratu zuenez geroztik, nabarmenki, Europa eta oro har Mendebaldea barne eztabaidan aritu da, beste pandemia baten beldurrez-edo, ea mugak itxi ala ez eta ea orokorki herritarrak txertatu ala ez, zer neurri hartu eztabaidatzen. Horretan jarri da fokua, nahiz benetako fokua, premia beroa, Afrikan egon.

Kongo: "Ekarri txertoak"

OMEk hilaren 19an agerraldi baten bidez eskatu die tximino baztangak edo mpox-ek kaltetutako herrialdeei txertatze-plan bat diseinatu eta martxan jartzeko. Eskakizuna, beraz, Afrikari zuzendu zaio. Kongori, bereziki. Eta Kongoko Osasun ministro Samuel-Roger Kamba ez da isilik geratu: Mendebaldeari txertoak eskatu dizkio, "munduko gizateriaren onerako". Antza, hori esan duenerako, AFP agentziaren arabera, kontaktuak eginak zituen Kongoko Gobernuak; Japoniak 3,5 milioi dosi hitzemanak dizkio datorren asterako, eta AEBek beste 50.000 bat. "Plan estrategikoa egina daukagu, inork ez dezala pentsa horrela ez denik; espero duguna da txertoak iristea, orain", esan du ministroak France 24-k jaso duenez.

Txertoa, baina, ez da denentzat. Badira 18 urtetik gorakoentzakoak, eta badira haurrentzakoak ere. Europako Batasunak dituenak helduentzat dira, nahiz krisi larri egoeran nerabeei ipintzea ere aurreikusita dagoen. Japoniak emango dituen 3,5 milioi dosi horiek guztiak, esaterako, haurrentzat izatea espero dira. Gaur-gaurkoz, Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Afrikako Zentroak emandako datuen arabera, kontinentean 200.000 dosi inguru daude eskuragarri, eta gutxienez, egungo krisiari ziurtasunez aurre egiteko, hamar milioi dosi beharko lirateke. Alegia, 50 aldiz dosi gehiago behar ditu Afrikak. Japoniak eta AEBek iragarri dituztenak, beraz, ez dira aski izango.

Kongoko Osasun ministroak oroitarazi du 2022an gertatu zen tximino baztangaren mundu mailako agerraldian Mendebaldeak ez zuela ongi jokatu. Bere esanetan, txertoak ez ziren behar beste eta behar bezain azkar heldu kontinentera, nahiz "nabarmen sobera" eduki Europan eta AEBetan.