“Krimen larria da, ez duena justifikazio eta aringarririk”, baina, aldi berean, gatazka bat da zeina soilik uler baitaiteke NATOren zabalpen politikarengatik. Horixe da Noam Chomsky pentsalari eta aktibistak eskaintzen duen analisiaren abiapuntua Zergatik Ukraina liburuan. Lan hori gakoa da ulertzeko aro bat markatzen ari den gerraren konplexutasuna. Elkarrizketa hau liburuko pasarte bat da, El Saltok argitaratutakoa.
Noam Chomsky pentsalari, linguista, idazle, filosofo eta aktibista da egungo mundua ulertzeko ahotsik zuhurrenetako bat. Elkarrizketa ugariren bidez, Zergatik Ukraina liburuak eskaintzen du ikuspegi zabala bere pentsamenduarena eta Ukrainan dagoen AEBen eta Errusiaren arteko gerra ulertzeko bere moduarena. El Salto hedabideak ekarri du liburuaren pasarte hau.
Zortzi elkarrizketetan, dokumentu konfidentzialak aipatzen dituztenak, azaltzen dituzte Errusia, AEB, Aliantza Atlantikoa (NATO), NBE eta Txinaren arteko harremanen dinamikarik konplexuenak, eta irakurleari eskaintzen dio komunikabideek nekez lortzen dutena: gatazkaren arrazoirik sakonenak ulertzeko aukera, eta horrekin jokoan dagoena, hausnartuz, era berean, munduko ondorio eta erreakzio ekonomiko, politiko eta militarrak.
Chomskyk azaltzen ditu 2020ko otsailean Errusiak Ukrainan hasi zuen inbasioaren kausak, funtsezko bi premisetatik abiatuta: batetik, “gerra krimen larri baten aurrean gaude, eta azalpenak bilatu behar dira, baina ez dauka justifikaziorik ezta aringarririk ere”; bestetik, NATOren ekialderanzko zabalpen mugimendu bat ikusten ari gara, eta hori nabarmendu eta aztertu behar da.
Errusiaren inbasioa da Nazio Batuen (NBE) Eskutitzeko 2. artikuluko 4. paragrafoaren urraketa argia, zeinak debekatzen baitu mehatxua edo indarraren erabilera beste Estatu baten osotasunaren aurka egiteko. Halere, Putin saiatu da inbasioari justifikazio juridikoak ematen otsailaren 24ko diskurtsoan. Errusiak aipatzen ditu Kosovo, Irak, Libia eta Siria, AEBek eta aliatuek nazioarteko zuzenbidearen urraketa errepikatua egin duten froga gisa. Hitz egin dezakezu Putinen argudiaketari buruz eta azaldu zertan den nazioarteko zuzenbidea, Gerra Hotzaren ondorengo garaiotan?
Ez dago ezer esateko Putinek erasoari justifikazio juridiko bat bilatu nahiaren saiakerari buruz: horren balioa hutsaren berbera da. Bai, egia da AEBek eta haren aliatuek nazioarteko zuzenbidea hausten dutela zirkinik egin gabe, baina horrek ez du balio Putinen krimenak arintzeko. Dena den, ukaezina da Kosovokoak, Irakekoak eta Libiakoak ondorio zuzenak izan dituela Ukrainako gatazkan.
Irakeko inbasioa eskuliburuetako kasua izan da, naziak Nurenbergen zintzilikatzeko arrazoi izan ziren krimenen erakusgarri: probokatu gabeko eraso hutsa. Gainera, Errusiari ukabilkada bat.
Egia da AEBek eta haien aliatuek nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela zirkinik egin gabe, baina horrek ez du balio Putinen krimenak arintzeko
Kosovoren kasuan, NATOren erasoa –hau da, AEBena– katalogatu zen “legez kanpoko baina justifikatutako” eraso gisa. Horrela definitu zuen, adibidez, Kosovorako Nazioarteko Batzorde Independenteak, Richard Goldstone buru zuenak, zeren bonbardaketa egin baitzuten eskualdean egiten ari ziren basakeriak geldiarazteko. Sententzia hura idazteko beharrezkoa izan zen gertakarien ordena aldatzea: ebidentziak daude erakusten dutenak indarkeria-olatua izan zela –aurreikusten zen bezala– inbasioaren ondorio. Gainera, jarraitu ahal ziren diplomazia bideak zeuden, baina bazter utzi ziren (beti bezala) indarraren bidea segitzeko.
AEBetako goi kargudun funtzionarioek baieztatzen dute batik bat Serbiako bonbardaketa izan zela –Errusiaren aliatua dena baina ez zitzaiona abisatu ere egin– errusiarrei iritziz aldarazi ziena, zeintzuk prest baitzeuden AEBekin kolaboratzeko, europar segurtasun egitura berri bat sortzeko Gerra Hotzaren ostean. Iritzi aldaketa hori bizkortu egin zen Iraken inbasioarekin eta Libiaren bonbardaketarekin, Errusiak onartu baitzuen NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bati betoa ez jartzea, eta NATOk berehala urratu zuen ebazpen hori.
Egiten duen guztiak ditu ondorioak, nahiz eta ekintzak ezkutatu daitezkeen nagusi den doktrinaren interesen azpian.
Nazioarteko zuzenbidea ez da aldatu Gerra Hotzaren ondoren, ezta hitzez ere, zer esanik ez ekintzetan
Nazioarteko zuzenbidea ez da aldatu Gerra Hotzaren ostean, ezta hitzez ere, zer esanik ez ekintzetan. Clinton presidenteak argitu zuen bere garaian AEBek ez zutela hura errespetatzeko asmorik. Clinton doktrinak aurreikusten zuen AEBek aukera gordeko zutela ekintzara jotzeko “aldebakarrez, behar izanez gero”, are, “botere militarra aldebakarrez erabiltzea” hil edo biziko interesak defendatzeko, hala nola “bermatzea merkaturako, energia-iturrietarako eta baliabide estrategikoetarako sarbide mugagabea”. Eta bide beretik jarraitu zuten haren ondorengoek, eta zigorrik gabe legea urra dezakeen edonork.
Ez dut esan nahi nazioarteko zuzenbideak baliorik ez duenik. Aplikatzeko aukera ematen du eta, zentzu batean, eredu erabilgarria da.
Badirudi errusiar inbasioaren asmoa dela Zelenskiren Gobernua botatzea eta Errusiaren aldeko bat ezartzea. Dena dela, gauzak nola edo hala joan, Ukrainak etorkizun lazgarri bati egiten dio aurre, zeren ematen baitu bihurtuko dela Washingtonen joko geoestrategikoen peoi bat. Zenbaterainoko aukera dago zigor ekonomikoek Errusia Ukrainarekiko posizioz aldatzeko, ala zigorrek helburu zabalago bat daukate, adibidez ahultzea Putinen boterea Errusian eta haren harremanak Kuba, Venezuela eta Txina gisako herrialdeekin?
Posible da Ukrainak ez hartu izana erabakirik zentzudunena, baina agian ez zuen aukera askorik Estatu inperialisten aurrean. Susmoa dut zigorrek eragingo dutela Errusiak Txinarekiko mendekotasun handiagoa izatea. Aldaketa drastikorik ezean, Errusia da petroestatu kleptokratiko bat da, eta oinarri duen baliabide energetikoaren erabilera drastikoki murriztu behar da; bestela, gureak egin du. Ez dago garbi Errusiaren finantza-sistemak eutsi ahalko dion etengabeko eraso bati, izan zigorren bidez edo beste neurri batzuen bidez. Arrazoi bat gehiago ihesbide bat eskaintzeko, gogoz kontra bada ere.
Gizateriaren historiako une kritiko batean gaude. Ezin dugu ukatu, ezin dugu ezikusiarena egin.
Uste duzu inbasioak inauguratu duela Errusiaren (agian Txinarekin aliatua) eta Mendebaldearen arteko gatazken aro berri bat?
Agian goiz da esateko non jasoko diren errautsak, eta izan liteke hori metafora bat ez izatea. Momentuz, Txina ongi jokatzen ari da bere kartak, eta litekeena da bere hedapen globaleko programan aurrera eramatea munduko zati handi baten integrazio ekonomikoaren proiektua. Duela aste batzuk, Zetaren Argentinarako Ibilbide Berriaren ekimenak barne hartu zituen, etsaiak euren artean suntsitzen diren bitartean.
Lehen esan bezala, gatazka hori heritza-zigorra da gizateriarentzat, inor ez da irabazle aterako. Gizateriaren historiako une kritiko batean gaude. Ezin dugu ukatu, ezin dugu ezikusiarena egin.