Ikasgelan bi kasu positibo agertzearekin gelako haur guztiak etxera bidaltzen ari diren honetan –kasu bakarrarekin baheketa orokorra egitera ere ari dira bidaltzen ikasle guztiak–, Gabonetako oporren atarian beldur dira guraso asko: batzuk, haurra ikasgelan kutsatu daitekeela pentsatuz; besteak, kutsatu ez baina ikaslea kontaktu estutzat hartu eta familia osoak konfinatuta eman dezakeelako hamar egun. Seme-alabak aste honetan eskolara ez bidaltzea erabaki du hainbatek.
Kurioski, oro har haurrek koronabirusa arin pasatzen badute ere, hain juxtu txikienak dira neurri gogorrenak jasaten dituztenak. Musukoa ez darabiltelako eta txertatuta ez daudelako, zorrotzagoa da neurria haien kasuan, eta aukera handiagoak dituzte –negatibo eman arren– konfinatuta hamar egun egiteko, ondorioz baita haiek zaindu behar dituzten senideek ere. Hori horrela, aste honetan haurrak ikastetxera ez bidaltzea erabaki du hainbatek. Erabaki hori hartzeko, jakina, aukera izan behar du familiak, haurra helduren baten zaintzapean uzteko modua.
Positibo batek ikasgela guztiari eragin ez diezaion, talde burbuilak berreskuratzea eta distantziak bermatzea eskatu du hainbat sindikatuk Espainiako Estatuan, kontaktu estutzat hartzen diren ikaskideak eta beraz kutsatze arriskua duten ikaskideak hainbeste izan ez daitezen.
Zergatik hainbeste ume konfinatuta?
Aurrekoan kontatu genuen: Hezkuntzan protokoloa aldatu du Eusko Jaurlaritzak eta baheketa handiagoa egiten da orain. Lehen Hezkuntzako gela batean bi kasu positibo badaude, gela osoak egingo du proba eta gela osoa geldituko da etxean, gutxienez probaren emaitza jakin arte (lehen hurbil esertzen zirenek eta jangelakoek baino ez zuten proba egin behar). Honek esan nahi du, nahiz eta baheketa orokortuagoak egitea albiste ona den berez, ume gehiago direla orain etxean konfinatuta daudenak. Azken finean, ume asko kutsatuta edota konfinatuta daudela entzuten ari gara seigarren olatu honetan, eta horretan ere eraginik izango du proba gehiago egiten dela sistematikoki, hezkuntza protokolo berriek hala erabakita.