argia.eus
INPRIMATU
Konfinamenduko meme arrakastatsuaren historia: Hiletako dantzariak
  • Elegante jantzita, gazte alai batzuk, sorbaldan hilkutxa daramatela, dantzan ari dira. Era guztietako zorigaitzekin tartekatuta agertu zaizkigu pandemia hasi zenetik, atzetik musika elektronikoa jarrita. Hau da azken asteetan mundu osoan bolbora bezala zabaldu den memearen atzean dagoen historia.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko apirilaren 07a
Lurperatzaile dantzarien plano honen ostean, ezer onik ez dator.

Azken aldiko joera bilakatu da. Ehunka (edo milaka?) bideo dabiltza whatsapp eta sare sozialetan bueltaka. Norbaitek oso gaizki amaituko duela iragartzeko umore beltzaren ikur bilakatu dira mundu osoan: hileta zerbitzu dantzariak. Atzetik entzuten den musika Tony Igy DJaren Astronomia kantua da, orain bi urte egina, norbaitek dantzariekin batera elkartu arte, alien bat agertzen zen bideoklip bitxi bateko abestia besterik ez zena.

"Errituari koreografia gehitzea pentsatu nuen. Gure zerbitzuak kontratatu nahi dituen bezeroari beti galdetzen diogu: zer nahi duzu, ekitaldi solemnea ala koreografiaren bat sartzea? Guk bezeroak nahi duena egiten dugu”. Benjamin Aidoo da Pallbearers taldeko sortzaileetako bat.

BBC kateak erreportajea egin zuen 2017an Ghanako lurperatzaile hauei buruz eta memeetan batera eta bestera dabiltzan irudiak hortik atera dituzte. Lotura honetan ikus daiteke. Azpiko bideoan Palbearers taldearen irudiak ikus daitezke hain ezagun egin duten musikarekin nahasiak.

"Pertsona hauek dantza ere egiten dute maite duzun pertsona hori azken atseden-lekura daramatenean, eta horregatik erabaki nuen nire amari azken dantzaldia ematea", dio Elizabeth Annan emakumeak hiletako egunean bertan grabatutako irudietan.

Erreportajean kontatzen denez, Ghanan geroz eta gehiago dira halako hiletak egitea erabakitzen duten senideak.

Aidoo sortzailearen hitzetan, hileta zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa honek dagoeneko 100 lanpostu sortu ditu. Memegintzarako material izaten amaitu dute. Jarraian zenbait adibide bideo honetan.

Bideoetatik harago, argazkiekin ere txisteak egiten ari dira internauta asko.

Umore beltza egiten ari da jende asko lurperatzaile hauen harira.
Heriotza ulertzeko bestelako moduak

Kultura bakoitzak bere erara interpretatu eta barneratzen du heriotza, baita haren errituak ere. Munduan hainbat lekutan ohikoa da azken agurrean dantza egitea hilkutxarekin.

Ondorengo bideoetako iruzkinetan ongi dokumentatzen da kultura talka. "Nola egin dezakete dantza hainbete arazo edukita?", galdetu du Micheal Hnat erabiltzaile zuriak. "Zu erotuta zaude, gu afrikarrak gara eta harro gaude, hemen, ikusten duzunez hildako pertsonaren bizitza ospatzen dugu, hemen arazoa zu zara", erantzun dio Dalphine Atembekwak.

Nigerian

Haitin

Hegoafrikan

Madagaskarren

Kenian