argia.eus
INPRIMATU
Konfinamenduari agur esan dio Japoniak
  • Apirilaren hasieran dekretatu zuen konfinamendua Japoniak, lehen kasuak agertu eta hiru hilabetera. Agerraldi berriak agertu ziren hiriburuan eta hiri handietan, eta herrialdeko 47 prefeturatan ezarri zuen konfinamendua. Bi astean egunean 40 kasu berri baino gutxiago izan dira Tokion, eta konfinamendua altxatzea erabaki du lehen ministroak.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 26a
Japoniako hiri bat konfinamendu garaian. Argazkia: BBC.

Koronabirusaren izurritea bizi izan zuen lehen herrialdeetakoa izan zen Japonia, Txina eta Hego Korearen atzetik. Birusa atzean utzi zutela zirudien, 1.800 kutsatu eta 55 hildako zenbatzen ziren apirilerako herrialdean. Baina apirilaren 7an, Txinak hildakorik zenbatu gabe eman zuen lehen egunean, konfinamendua dekretatu zuen Shinzo Abek, kasu berrien gorakada zela eta.

Orain arte 16.550 kutsatu eta 820 hildako izan ditu herrialdeak. Positibo horietatik 5.152 Tokion bertan izan dira. Gorakada nabarmena egin du hiriburuak kasuei dagokionez, bere datu altuenera apirilaren 17an helduz; 206 kutsatu berri. Azken bi asteetan 40 kasutik behera izan ditu hiriburuak, eta normaltasunera bueltatzeko momentua dela erabaki du Gobernuak.

Osasun sistema aberatsa

Munduko ekonomia aberatsenetakoa du herrialde asiarrak, eta horrek osasun sistema indartsua izatea ahalbidetzen dio. Hala ere, baliabideak izanda ere, gaixo larriak artatzeari ekin dio, ospitaleak jendez ez betetzeko. Test masiborik ere ez du egin, eta kutsatu asko zeuden eremuetan jarri du arreta. Aditu askok jarrera hori kritikatu dute, beren ustez nahikoa baliabide baititu Hego Koreak martxan jarritako bezalako test masibo programak egiteko.

Japoniar erako konfinamendua

Japoniako konfinamendua Europako zein munduko gainontzeko herrialdeena baino leunagoa izan da. Herritarrek ez dute kalera ateratzeko debekurik izan, lehen ministroaren “gomendioa” baizik. Askok kritikatu dute Abek jarritako neurriak ahulegiak izatea. Izan ere, konfinamendua dekretatutako lurraldeetan ere, gobernadoreen esku utzi zuen hezkuntza-zentroak eta jende pilaketak sortzen diren lekuak ixtea.

Herritarren borondatearen araberako neurriak izan dira. Ezin dituzte zigortu konfinamendua ez betetzeagatik, ez baitago horretarako derrigortasunik. Herritarrei segurtasun neurriak mantentzeko, etxetik lan egiteko eta funtsezkoak ez ziren irteerak ez egiteko eskatu die. Baina nazioarteko medioek lehen ministroaren lana txalotu beharrean, herritarrena txalotu dute; beren kontzientzia azpimarratu dute, beren esku baitzegoen kalera ateratzea.

Bigarren Mundu Gerrara arte inperioa izaki, autoritarismoaren ideia oso barneratuta zuen herrialdea zen Japonia. 1947tik aurrera, giza eskubide eta askatasunen ideia oso barneratuta duen herrialdea dela dio BBCk, eta horregatik egiten zaiola hain zaila alarma egoera dekretatu eta jendearen askatasuna murriztea. Horregatik, polemikatan ez jausteko, Abek gobernadoreei eman die zentroak ixteko eskumena; eta herritarrengan jarri du kontzientziatzeko ardura.