Igandean 293 kasu berri zenbatu dituzte Kentuckyko estatuan (AEB), ordura arteko kasu berrien kopururik altuena. Datu horiek joan den ostiralean konfinamenduaren aurka egindako ultraeskuineko protesten ondoren ezagutu dira. Guztira 2.960 kasu daude estatuan.
Joan den ostiralean, Kentuckyko gobernadore Andy Beshear prentsa-agerraldia egiten ari zela, konfinamenduaren aurkako zenbait manifestari sartu ziren aretoan, funtsezkoak ez diren negozioak zabaltzeko eskatzen. Datuen arabera, estatuko langabezia datuek gora egin dute nabarmen.
AEBetako Gobernuak baldintza bat jarri du konfinamenduaren neurriak gutxitzen joan daitezen: hamalau egunean kutsatu berrien zenbakiek behera egitea. Beshearrek adierazi du estatuak oraindik ez dituela datu horiek bete, eta ondorioz, ezin dituztela neurriak kendu.
Trumpen babesa
AEBetan estatu bakoitza da konfinamenduaren arduradun, eta Gobernuak zenbait irizpide jarri baditu ere, gobernadorearen araberakoak dira estatuko neurriak. Hori horrela, estatu demokratek neurri zorrotzagoak dituzte errepublikarrek baino, orokorrean.
"Askatasunaren" defentsan kalera atera dira zenbait, kalera irteteko eta negozioetan kontsumitzeko askatasuna dutela aldarrikatuz. Konfinamendua komunismoarekin alderatzera ere heldu ziren batzuk. Beste batzuk langabeziaren aurka altxatu dira, negozioak ixteak beren egoera ekonomikoa kaltetzen duela azalduz. Arrazoia edozein izanda ere, manifestariek presidentearen babesa dute, Donald Trumpek berak adierazi bezala: “Protesta egiteko eskubidea dute. Zenbait gobernadore neurri zorrotzegiak jartzen ari dira”.