Apirilaren 15era arte konfinatuta dago Hego Amerikako estatua, baina honen luzapena da litekeena. Herrialdeko biztanleriaren %57ak ez du uste konfinamendua pasatzeko beste diru izango duenik, apirilaren 15era arte bada ere.
120 kutsatu ofizial daude herrialdean. Mundu mailako bataz-bestekoarekin alderatuz gero, egoera lasaia dela esan daiteke, hala ere, Bolivia koronabirusari aurre egiteko zailtasun gehien izango duen herrialde bezala izendatu du Oxford Economics-ek. Eta hori ospitaleetan nabaritzen da, kutsatu gutxi badaude ere ez baitaude prest horrelako mehatxu bati aurre egiteko.
Egoera katastrofe bilakatu ez dadin aukera bakarra, beraz, konfinamendua betetzea da. Baina ez da mendebaldeko estatuetan bezain erraza. Herrialdeko biztanleriaren %30ak soilik du enplegu formala, gainontzeko %70a negozio txikietatik lortzen duenetik bizi da: kale kantoietan janaria saltzen edota familia aberatsen arropak garbitzen.
Azken horiek ez dute etxetik lan egiteko aukerarik, ezta etxean geratzekorik ere; bertan geratuz gero janaria faltako zaie. Horren aurrean Boliviako Gobernuak 60 eta 70 dolarreko diru-laguntzak emango dizkio 60 urtetik gorakoei, haurdunei, aniztasun funtzionaldunei eta lehen hezkuntzako ikasleei.
Morales errudun
Hauteskundeen krisiari gainjarri zaio osasun krisia. Joan den urte amaieran Evo Morales presidentea boteretik kendu zuten, eta ordutik Jeanine Áñez eskuindarra da agintaria Bolivian. Bere gobernuak koronabirusaren krisian hartutako neurrien aurka protestak egon dira, konfinamendua ezarriz gero jendea gosez hilko dela salatzen duten herritarren artean.
Áñezek protesta horiek hauspotzearen errudun egin du Evo Moralesen alderdia, MAS (Movimiento al Socialismo, Sozialismora Mugimendua). Alderdiak salaketa hori ukatu zuen, protestak deitu ez dituela eta alderdiaren ospearen aurkako kanpaina abiatu dutela salatuz. “Aurreiritzi arrazistak” salatu eta esan du alderdiaren ardura nagusia zaurgarritasun egoeran dauden familiei eman beharreko diru kopurua emango diotela ziurtatzea dela.