argia.eus
INPRIMATU
Haurrak konfinamenduan egunean sei ordu baino gehiago izaten dira pantaila aurrean
  • Konfinamenduak 3 eta 12 urte bitarteko haurren osasunean duen eraginari buruz ikerketa osatu du EHUko lantalde batek. Itxialdiaren ondorioak haurrentzat kaltegarriak direla ondorioztatu dute.

     

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 17a
Argazkia: Shutterstock

Apriralen 4tik 11ra 11.500 inkesta baino gehiago egin ditu EHUko lantalde batek Espainiako Estatuan. Bildutako datuen arabera, gurasoen ia erdiak diote umeen buru-osasuna okerrera joan dela konfinamendua hasi zenetik eta %25k uste du osasun fisikoa ere okertu egin dela. Osasun baldintzek eta eguneroko ohiturek txarrera jo dutela dio inkestak. Adibidez, haurren %20k ez du ariketa fisikorik egiten edota pantailen aurrean ematen duten denbora asko handitu da. Sei ordu edo gehiago egoten dira haurrak pantailen aurrean (telebista, ordenagailu, tablet, mugikorra...).

Haurren laurdenak ez du balkoirik edo etxeko lau paretatik kanpo egoteko espaziorik.

Elikadura ere faktore garrantzitsutzat jo dute galdetutakoek. Gehiengo zabal batek dio frutak eta barazki gutxiago jaten dutela haurrek konfinamendua hasi denetik. Etxebizitzaren baldintzak eta diru-sarrerak umeen beharrei erantzuteko eragin garrantzitsuak dira, bildutako datuen arabera. Gurasoen %15 inguruk uste du haurren osasun emozionalean izango duen eraginak hilabeteak edo urteak iraungo dituela.

Elkarrizketatuen artean haurtzaroarekin lotutako 200 profesional daude eta horietatik %90k uste du konfinamendua eragin negatiboa duela umeengan. Eta %76k dio haurren osasunean izango duen eragina oso desberdina izango dela familiaren maila sozioekonomikoaren arabera.

Gurasoei eragindako ondorioei dagokienez, gurasoen %70 inguruk uste du konfinamenduak eragin negatiboa duela haien osasunean, eta lautik batek dio horrek hilabeteak edo urteak iraungo duela. Emakumeengan eragina handiagoa dela diote, batez ere, ongizate emozionalari dagokionez.

Ikerketa hau UPV/EHUko OPIK-Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldeak egin du, Bidegintza-Giza sustapena eta komunitatearen garapenerako kooperatibarekin eta Kataluniako Centre d 'investigació en Salut Laboral-ekin, CISAL (UPF)-rekin elkarlanean.