argia.eus
INPRIMATU
Konfinamenduak gainkarga eta frustrazioa sortu du emakumeengan
  • Itxialdiko lehen hilabeteetan emakumeek izandako bizipenak “memorian” gordetzea izan da ikerketa kualitatibo honen helburua. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak elkarlanean egindako ikerketa izan da.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 03a

Astearte honetan agerraldia egin dute Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta Eva Isturiz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak, Sara Ibarrola soziologo eta azterketaren egilearekin batera, Bizipenak eta testigantzak. Konfinamenduaren eragina eta ondorioak Nafarroako emakumeengan ikerketa aurkezteko. Ikerketa honetan Nafarroako emakumeek konfinamenduko lehen hilabeteetan zer egoera bizi zuten jaso nahi izan dute. Itxialdian emakumeak “protagonista” izan direla eta “lehen lerroan” egon direla azpimarratu dute.

Hainbat profiletako 51 emakumek parte hartu dute ikerketan, eta erabilitako metodologia taldekako elkarrizketa izan da. Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran egin ziren saioak eta martxotik maiatzera bitarteko egunetan bizitakoak izan zituzten hizpide. Ikerketaren izaera kualitatiboa azpimarratu dute prentsaurrekoan, errealitatearen ikuspegi orokorra jasotzeko ahalik eta “ahots eta bizipen gehienak” jasotzea izan baita helburua.

Emakume bakoitzaren egoera “subjektiboa” dela eta andre guztiek ez dutela aldi hau berdin bizi izan azpimarratu ondoren, Isturizek ikerketaren ondorio zehatzak aipatu ditu: hainbat emakumek “gainkarga” sentitu dute ohiko lan jarduna eta zaintza lana uztartu behar izan dituztelako eta “frustrazioa eta errudun sentimendua” ere izan dituzte. Indarkeria matxistaren biktima diren zenbait emakume “kontrolatuago”  eta “bakartuago” sentitu direla ere adierazi du, besteak beste, zailtasunak izan dituztelako zerbitzuetara eta ingurukoengana laguntza eske joateko.

Ibarrolak testigantzen garrantzia azpimarratu du, datu inportanteak eskaintzen dituztelako. Haren ustez, elkarrizketatutako emakumeen bizipenak “eraikitzaileak” dira emakume askorentzat eta “genero kontzientzia” sortzen dute. “Giza eskubideen” garrantzia azpimarratzeko ere balio dutela erantsi du.