Ikastetxeak itxita eta etxean konfinatuta, familia erdaldunetako seme-alaba ugariri asko murriztu zaie euskaraz aritzeko aukera, eta beraiekin hitz egiteko mintzapraktika sare sendoa osatu dute Bilbo Handian: 450 etxe baino gehiagotara heldu dira, baina ekimena oso arrakastatsua izaten ari da eta handitzen ari da eskaera; haurrekin astean pare bat egunetan telefonoz euskaraz arituko diren boluntarioak behar dituzte.
Bilboko hamazazpi auzotako eta inguruko herrietako Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleekin hitz egiten duten boluntarioek. Hainbat haur eta gazteren kasuan, eskola zen euskaraz entzun eta aritzeko arnasgunea, eta pandemiaren krisiak hainbat etxetan euskararen galeran eta hizkuntzarekiko desatxikimenduan eragin du. “Zenbait kasutan, proiektua aukera bihurtu da –kontatu digu Koldo Lopez mintzapraktikako kideak–, pandemiaren aurretik euskaraz klaseak jarraitzeko zailtasunak zituzten ikasleak zeudelako (Euskal Herrira heldu berri direlako, bestelako premiak dituztelako…) eta proiektu hau errefortzua da eurentzat, irailean eskolara itzultzen direnerako”.
“Nire deiak dira euskararekin duen harreman bakarra”
Bai familiak, bai boluntarioak poz-pozik daudela azaldu digu Lopezek, eta asmoa astean bizpahirutan 15 minutuko deiak egitea den arren, harremana egiten duzunean luzatu egin ohi direla deiak. “Nik 6 urteko neska batekin hitz egiten dut eta oso gustura aritzen gara beti. Deia bukatzera noanean, xantaia emozionala egiten dit eta normalean beste bost-hamar minutu estra lortzen ditu. Valladolid eta Galiziako gurasoak ditu eta neskatoak euskararekin duen harreman bakarra nire deiak dira”.
Euskal Herri osoko boluntarioei deia
Nahiz eta 450 familia baino gehiagotara iritsi diren, mintzapraktikan ari den ume bakoitzeko beste hamar ume saretik kanpo gelditzen dira, boluntario gehiago behar dituztelako. Horregatik, Euskal Herri osora zabaldu dute deia: hemendik ikasturtea bukatu arte astean bizpahiru aldiz 15 minutuko deiak egiteko prest daudenak honako estekan eman dezakete izena.
Beste herri eta auzoetan horrelako mintzapraktika sare bat antolatu nahi dutenei Bilbo Handiko esperientzia aurkezteko eta laguntzeko gertu daudela azpimarratu du Koldo Lopezek.
Donostian, euskarazko eskolako lanekin laguntzeko sarea
Donostian ere boluntario sarea jarri dute martxan herritarrek, kasu honetan Lehen Hezkuntzako haurrei euren eskolako lanetan euskaraz laguntzeko edota euskarazko mintzapraktika saioak haiekin egiteko. Hainbat telefono eman dituzte eta honako honetara deitu daiteke informazio eske: 680 671 818