argia.eus
INPRIMATU
Konfinamenduak etxeratze aginduari lekua utzi dio Ipar Euskal Herrian
  • 20:00tan etxeratu beharko dute Ipar Euskal Herriko herritarrek gaurtik aitzina. Horrez gain, Frantziako presidenteak abenduaren 15 honetako hitz emandako kultur guneen irekitzerik ez da eginen azkenean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko abenduaren 15a

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrak ez dira gehiago konfinaturik; haatik, etxeratze agindua dute gaurtik hasirik: 20:00tatik 06:00ak arte. Abenduaren 24 gaua izanen dute salbuespen bakarra, azkenean, abenduaren 31an ere araua bete beharko dutelako.

COVID-19az kutsaturikoak ez du ordea isolamendua bete beharko, "neurriaz adostasunik izan ez delako". Hori horrela, nahiz eta jakin kutsaturik dela, besteekin harremantzen segitzen ahalko du herritarrak...

Pirineo Atlantikoetako datuei segi, kutsatuen kopurua apalduz doa Ipar Euskal Herrian. Ospitaleratzeei dagokionez, Baionako ospitalean oraindik 29 pertsona zeuden abenduaren 13an, horietariko bost erreanimazioan (departamendu mailan ospitalizaturikoak 219 dira). Orotara, datu ofizialen arabera, 363 pertsona zendu dira departamenduan COVID-19agatik.

Kultura beti konfinaturik

Azkenean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak plazaraturiko hainbat andaketa ez dituzte bideratuko, "osasun egoerak ez duelako ahalbidetzen". Tartean, kolpe handia hartzen ari duen kulturaren sektoreari dagokionez ez dituzte neurriak arinduko. Macronek hitz emandako kultur guneen –museoak, zinema gelak, kontzertu gelak, antzokiak– irekitzerik ez da gertatuko.

Etxeratze agindua abenduaren 15 honetako 20:00tan abiatuko da eta justuki, ordu berean kontrako manifestazioa antolatu du Garazi aldeko Gabiltza kolektiboak, Donibane Garaziko herriko etxe aitzinean hitzordua jarriz.