argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendua pasatzeko etxerik ez dutenentzako neurriak exijitu ditu Modahara elkarteak
  • Etxerik ez dutenentzat prestatutako aterpeak eta jantokiak itxi dituzte Covid-19 gaitzagatik, eta besterik ezean, herritar askok kalean egon behar dutela salatu du Donostiako Modahara elkarteak, 1.500 eurora arteko isunak jasotzeko arriskuan.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 17a

Udaletxeari eta erakunde publikoei eskaera egin diete hutsik dauden azpiegiturak behar dituztenen eskura jartzeko. Adibidez, kiroldegiak, edota segurtasun neurriak bermatzen dituzten eta hutsik dauden hosttuak eta aterpetxeak.

Konfinamenduaren harira, jasandako arrazakeria areagotu egin dela ere salatu dute. Izan ere, alde batetik aterperik ez izateak sorrarazten dien hondatze fisiko eta mentala areagotu egin da; bestetik, larrialdi egoeretan sortzen den beldurrak erantzun arrazista eta xenofoboak biderkatzen dituela adierazi dute.

Hori horrela, kolektiboki pentsatzeko deia egin dute elkarteko kideek euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz idatzitako oharrean: mota honetako krisi baten aurrean “zerbitzu publikoez gain, zaintzak eta antolakuntza komunitarioa erdigunean jartzea premiazkoa” dela argudiatuz.